Naxker: “Ez dugu behar eskatu gabeko iritzirik”

Miren Mindegia Petrirena 2025eko irailaren 26a

Bost kantuz osatutako EP berria kaleratu du Atarrabiako boskoteak, ‘Nori jarriko dizkiozu gure abestiak?’ izenburupean

Bere lehenengo diskoa plazaratu eta urtebetera, Naxkerrek bigarren EP-a atera du. Nori jarriko dizkiozu gure abestiak? izenburupean, Atarrabiako taldeak bost kantuz osatutako lana hondu du. Dagoeneko ezagutzen genituen Pista bat eta Elizondo abestiei beste hiru gehitu dizkiote oraingoan. Jatorrizko indie-pop distiratsua mantenduz, taldeak urrats bat gehiago eman du bere bidean, sendotasunez eta euren soinu propioaz inoiz baino seguruago. Intro kanta berrian azpimarratu bezala, jada ez baitute eskatu gabeko iritzien beharrik.

Karmele Gurbindo, Ainhoa Garcia eta Aritz Martin, Nerea Arrasaterekin eta Jaione Baraibarrekin batera Naxker osatzen dutenak, gurean izan ditugu disko berriaren kantuak aurkezten eta taldearen egungo egoeraren inguruan mintzatzen. Gurbindok erran bezala, taldeak gero eta argiago du zein den euren soinua, kantu bakoitzarekin bilatzen dutena. Josu Ervitirekin grabatu dute lana, lehenengoan bezala. “Oso gustura gaude berarekin, eta oraingoan argiago izan dugu zer zen lortu nahi genuena”.

Setlist berria oholtza gainera eramateko prest eta gogoz dago Atarrabiako boskotea. Hurrengo kontzertuei begira, azpimarratzeko data bat: abenduaren 2an Iruñeko Zentral aretoan egonen dira, TOC taldearekin batera: “Kontzertu benetan berezia izango da, oso gogotsu gaude”.

Dagoeneko entzungai daude disko berriaren abesti guztiak, “ia plataforma guztietan”. Izan ere, Naxkerrek bat egin du Musikariak Palestinarekin ekimenarekin eta Spotify plataforma digitalari boikot egitea erabaki du. “Ez dugu diru sionistarekin inolako harremanik izan nahi”, adierazi du Garciak. “Musikariei, baina batez ere erabiltzaileei, eskatzen diegu boikotarekin bat egin eta plataforma uztea. Izan ere, musikarientzat esfortzu handiagoa dakar, ogi-apurrak besterik ez dira batzuetan”. Alde horretatik, taldea laguntzeko eta babesteko modu hoberena, hiruek nabarmendu bezala, “diskoak eta mertxana erostea eta kontzertuetara joatea” dela adierazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!