Zahartzarora iristean zaintza lanetan gure alboan egonen diren profesionalak behar ditugu edo berdintasuna erdieste aldera hori bultzatuko duten adituak ere bai. Formazio horiek eskaintzen dituzte, besteak beste, Iruñeko Hezitzaileen Eskolan. Bost heziketa ziklo goizez eta beste bi gehiago arratsaldez. 800 ikasle dira guztira, eta horiei gehitu behar zaizkie Nafar Lansaretik eskolak hartzera doazen beste 300 lagun. 60 irakasle aritzen dira guztira.
"Kontent" abiatu dute ikasturtea, baina oraingo honetan ere iazko arazo berberekin egin dute topo: espazio falta eta kalitatezko hezkuntza ziurtatzeko baldintzarik gabe: "Zaragoza Etorbideko eraikina obretan zen pasa den ikasturtean eta hautsez beteriko geletan, Interneterako sarbiderik gabe, espazio faltarekin edo komun gutxirekin osatu genuen", azaldu du Maider Irazusta Hezitzaileen Eskolako irakasleetako batek. Ikasleek aurten ere ez dute espazio nahikorik euren ikasketak garatu ahal izateko tailer-gunerik gabe daude, bikoizketa gelarik gabe eta irakasleak ikasleekin tutoretzak egiteko ere non sartu jakin gabe egon dira", salatu du. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ziurtatu zien 2025-2026rako amaituak leudekeela eraikin horretako eta alboko eraikinaren lanak. Ez da halakorik gertatu: "Urrian hasiko dituzte alboko eraikineko lanak eta horrek berriz ere soinua, zarata, ibilgailuen sartu-irtena... eraginen ditu. Arrisku gehigarriarekin izanen gara", uste dute.
Iaz lekualdatu zituzten: Ezpeleta Jauregia atzean utzi eta Victor Pradera ikastetxera mugiarazi zituen Hezkuntza Departamentuak aldebakartasunez hartutako erabaki baten ostean. Kezkatuta daude: "Kalitatezko hezkuntza ezinen diegu ziurtatu". Arriskuak ere ikusten dituzte obrak tarteko. Hezkuntza Departamentuari egina diote proposamena: "Lanak amaitu arte eraikin batera bidera gaitzala eskatu diogu, izan Ezpeleta Jauregira, oraindik hutsik dagoena, edota erabilgarri legokeen beste hezkuntza-espazio batera. Erantzunaren zain gaude oraindik", kontatu dute.