Anitzak, herrikoiak eta parte-hartzaileak. Halakoak izanen dira abuztuaren 27tik 31ra bitartean, asteazkenetik igandera, ospatuko diren Berriozarko bestak, herriko alkate Iker Mariezkurrenak nabarmendu bezala: "Berriozar herri anitza da eta aniztasun horrek aberasten gaitu. Hori abagune bezala erabiltzen dugu egitarau anitza egiteko: erraldoiak, puzgarriak, flamenkoa, herri-kirolak, pilota...".
Bestaren hasierak zantzu historikoa izanen du. Zulo Alai elkartea izanen da suziria piztearen arduradun, bere 50 urteko ibilbidearen onarpen gisa: "50 urte asko dira, eta ez dira edonolako 50 urte izan, gainera. Herriari ekarpen handia egin dion elkartea da, eta merezi zuen txupinazioa jaurtitzea. Horrelako gertakariak ditugunean erraza izaten da suziria nork jaurtiko duen hautatzea".
Asteazkenetik igandera bitartean adin guztietarako egitaraua izanen da nagusi. Ostegunean herri zaharrean eginen da egitarauaren ekitaldi nabarmenetako bat, neska eta mutiko nagusien dantza; eta ostiralean astebururako motorrak berotzen hasiko dira: Josetxu Piperrak, Nafarroa 1512 eta Sedientos de Cumbia arituko dira Ilargi pistan. Larunbatean La Txama, Kanaleta eta Garratz taldeen txanda izanen da. Egun horretan bertan, duela berrogehi urte egiten ez zen ohitura bat berreskuratuko da: bazkari herrikoia: "500 pertsona elkartuko gara bertan, gure aurreikuspenak asko gailendu dira, beraz espero dugu hurrengo urteetan ere mantentzea eta are jende gehiago biltzea".
Udalak, halaber, eraso sexisten kontrako borrokan duen konpromisoa nabarmendu du. Horretarako, 24 orduz martxan egonen den telefonoa jarri du martxan, baita Ilargi Pistan egonen den puntu morea ere, ostiral eta larunbat gauean. Euskararen aldeko apustu argia ere egin du, Jaietan euskaraz jantzi! lemapean abiarazu duen ekimenarekin.