Nolakoa da Iruñea bisitatzen duen jendea? Nondik datoz? Zer da bilatzen dutena? Turismo Bulegoko Ainhoa Garzesekin mintzatu gara galderak erantzuteko. "Denboraldiaren arabera aldatzen da turismo mota", azaldu du. Udan, familiak dira ugari, txikiekin egiteko planen bila; maiatzan eta irailean, erromesaldi garaia izaten da; urtean zehar futbolak ere jende andana erakartzen du; baina orokorrean, bai kulturak baita historiak ere jende asko gerturatzen du Iruñera.
Sanferminetan gerturatzen den jende askok erraldoiak galdu eta topatu nahian gerturatzen da bulegora eta atzerritik etorritako gehienak, entzierroari buruzko informazio eske sartzen dira. Ohiko galderez harago, galdera bitxiak ere egiten dizkietela azaldu du Garzesek barre artean: “Zenbat ordu irauten ditu entzierroak? Zenbat kilometro dira? Edo, sarrerarik erosi behar da?”.
Egunerokoan ordea, billabesen ordutegiak, zer bisitatu, non lo egin, nola iritsi edo antzeko zalantzekin gerturatzen da jendea. Euskal Autonomia Erkidegotik, Iparraldetik, Madrildik, Bartzelonatik, Frantziatik, Estatu Batuetaik edota Hego Koreatik iristen dira batez ere bisitariak hiri buruzagira.
Eta Garzesek nabarmendu duenez, urte osoan zehar eskaintzen dute arreta eta badute lana. Hartara ere, kalera atera ziren uztailean haien lanaren “egonkortasuna” aldarrikatzeko. Izan ere, turismoa ez da udara mugatzen eta bisitariak daude urte osoan zehar. Pertsonen arteko arretaren garrantzia berretsi du eta horretarako turismo bulegoko langileen lan baldintzak bermatzea ezinbestekoa dela iritzi dio.