SANFERMINAK 2025

'Ibiltarik' izua hedatu du entzierroaren azken zatian

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 8a

Izugarria. Halako entzierroa korritu dute gaur Cebada Gago ganadutegiko zezenek. Badute arriskutsuak izatearen ospea eta entzute hori gaur agerian geratu da: bost minutu behar izan ditu Caminante (Ibiltari) izeneko zezenak ibilbidea osatzeko. Gainerako anaiek abiada bizian egin dute zezen plazarainoko bidea, baina atzean geratu da irrist egin ondoren eta noraezean izan da tarte luzez. Adarkadaz lehen zauritua eragin dute aurtengo sanferminetan Cadizko zezenek.

Cadizko ganadutegiko zezenek ospeari ohore egin diote gaur: izugarrizko arriskua sortu dute entzierroaren ibilbidean, bereziki zezen beltzetako batek, Caminantek. Idien atzetik irten dira Santo Domingo aldapan gora eta udaletxe plazan sartu direlarik euren lekua hartzea lortu dute. Mertxika koloreko zezena abiatu da lehena, eta ziztu bizian egin ditu zezen plazarainoko metroak, alboan anaien gehienak zituela. Bat falta zen baina. Caminante atzean gelditu da irrist eginda eta taldetik urrunduta korritu behar izan du entzierroa. Bost minutu behar izan ditu osorik egiteko: tartean noraezean, ez atzera ez aurrera eta zer egin jakin gabe zebilen. Une arriskutsuak sortu ditu, baina korrikalariek zuzentzen ahalegindu dira eta bidea erakusten asmatu dute. Halaxe kontatu du gertatutakoa Euskalerria Irratian Haritz Pascualek: audioa entzuteko argazkian egin behar da klik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!