UEUren Udako Ikastaroak Iruñera iritsi dira gaur. Azken bi urteetako hariari jarraituz, 20 jardunaldi eta ikastaro antolatu ditu hainbat eragilerekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin, eta horietako batzuk Ezpeleta Jauregian emanen dira egunotan. Nafarroako Gobernuaren babesarekin eskaintzen dituzten horietaz gain, ostegunean eta ostiralean Filosofo Euskaldunen II. Bilkura: filosofia hormarik gabe jardunaldia eginen da Katakraken, "egungo gizartea zeharkatzen duten gai desberdinen inguruan hausnartzeko helburuarekin", Idoia Torregarai UEU-ko komunikazio arduradunak azpimarratu bezala.
Gaur eta bihar eginen dira lehenengo ikastaroak: LGTBI+ gorroto-delituak nerabezaroan: pertzeptzioak, ondorioak eta neurriak, Maite Azabal eta Uxue Diez-Guiralek gidatuta; eta Nerea Mendizabal psikologoak zuzenduko duen Haur eta gazteen autoestimua indartzeko proposamenak. Bi ikastaroek praktikoak izateko asmoa dute, Torregaraik azaldu moduan, ikasgelan praktikan jarri ahal izateko heldulekuak eta tresnak eskainiz. Itsaso Bakedanok egitekoa zuen Sexu hezkuntza gaurko erronkek aurrean ikastaroa bertan behera gelditu dela iragarri du Torregaraik, UEU-ren esku ez dauden arrazoiengatik. Hartara, udazkenera atzeratuko dela aurreratu du, oraindik data finkatu ez badute ere.
Bihar eta etzi, azkenik, ordenagailuen lengoaia ulertzera bideratutako Informatikaren oinarriak eta pentsaera konputazionala desentxufaturik: JolasMATIKA ikastaroa emanen da Ezpeleta jauregian. Bitartean, Katakren, aipatu filosofia jardunaldia ere eginen da, Torregaraik azpimarratu bezala, "euskal ikuspegia txertatuko duena egungo gizartea zeharkatzen duten gaien inguruan". "Oso mamitsua izanen dela ziur nago, zer hausnartu eta zer pentsatu emanen du zalantzarik gabe". Jardunaldiaren izen-ematea itxita dagoen arren, UEU-rekin harremanetan jarrita oraindik ere parte hartzeko aukera badagoela adierazi du komunikazio arduradunak.