Udaberrian eta udan pilatzen da lan gehiena baratzean. Halaxe gertatu zaie Aitor Gartzia, Eider Etxeberria, Irene Seminario, Idauze Zaratiegi eta Silvia Rayari, @lamutilhuerta -ko protagonistei. Instagrameko kontu honek 11.500 jarraitzaile ditu eta bertan bost lagunez osatutako talde honek Ollokin kokatzen den lursailaren kudeaketaren egunerokoa kontatzen digu argazki eta bideo motz dibertigarrien bitartez.
Baratze berezi honen lehenengo pausoak 2019an eman zituzten Aitor Gartzia eta Eider Etxeberriak. Aitorren gurasoek Mutiloan zuten lorategiko baratze-alorra lantzen hasi zirenean. Ingurumen zientziak ikasi arren baratzearen mundua ezezaguna zen haientzat eta hutsetik hasi ziren.
Uharteko haztegira joan ziren haziak erostera eta, eserita zain zeudela, beren esperientzia sare sozialetan igotzea eta unibertsitatean eskuratutako ezagutzak zabaltzea bururatu zitzaien. Denborarekin milaka dira haien jarraitzaileak. "Helburua ez da inoiz jarraitzaileak lortzea izan. Naturala izan da, ondo pasatzen dugu, nahi dugunean grabatzen dugu eta jendeari edukia barregarria eta interesgarria iruditzen zaio ", aitortu digute Irene Seminario eta Aitor Gartzia @lamutilhuerta-ko kideak.
Urazak eta tomateak landatu zituzten ekainaren hasieran eta orain jarraipena egiten ari dira. Baratzetik atera eta Euskalerria Irratiko estudiora bisita egin digute Irene Seminariok eta Aitor Gartziak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!