Emakume batek etxegabetzeko agindua du biharko Iruñeko Alde Zaharrean

Maialen Huarte Arano 2025ko eka. 3a, 09:38

Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du Iruñeko San Lorenzo kaleko 17. zenbakian bizi den Ana Belen etxetik bota nahi duela etxebizitzaren jabeak. Alokairu-kontratua amaitzen zaio eta zazpi etxebizitzatik gora dituen nagusiak ez dio berritu nahi. Emakumea egoera zaurgarrian dago; %75eko desgaitasun aitortua izateaz gainera minbiziari aurre egiteko tratamendua jasotzen ari da. 

2016tik bizi da Ana Belen Iruñeko Alde Zaharreko San Lorenzo karrikako 17.eko seigarren pisuko etxebizitzan. Alokairua hilabetero ordaindu badu ere kontratua amaitzen zaio eta jabeak ez du asmorik berritzeko. "Eraikin horretako etxebizitza guztiak dira Ana Belenen etxebizitzaren jabearenak eta haren anaiarenak", salatu du Etxebizitza Sindikatuak. Etxejabe handia da alokairua berritu nahi ez dion gizona eta beste behin espekulazioaren ondorioak agerian geratzen direla  salatzen ari dira: "Etxegabetzeen, espekulazioaren eta erakundeen utzikeria dago guztiaren atzean. Etxebizitzaren negozioa gailentzen da etxebizitzarako sarbide unibertsalaren gainetik", kritikatu dute. 

Egoera zaurgarrian dagoen emakumea

Ana Belenek 57 dituela azaldu du ohar batean Etxebizitza Sindikatuak eta gaineratu du egoera zaurgarrian dagoela: "Aitortua du %75eko desgaitasuna eta minbiziari aurre egiteko tratamendua jasotzen ari da". Duela hamar urte bizi da etxebizitza horretan; gaur egun, haren bikotekidearekin. 2021. urtearen amaieran hasi zen bere aurkako preozedura judiziala. 2022ko otsailean moratorian sartu zen bere kasua osasun eta zaurgarritasun arrazoiengatik: "Orain ordea, moratoriatik kanpo utzi dute epaitegiaren arabera bi bizileku eskaini dizkiotelako alternatiba gisa", azaldu du Etxebizitza Sindikatuak. Emakumeari eskaini dizkioten bi aukerak, baina, aldi baterako modukoak baino ez direla jakinarazi dute. 

Erakundeek "abandonatuta"

Erakundeek etxebizitzaren jabeari egozten diote etxegabetzearen ardura osoa: "Aukera ematen diote etxejabe handi bati negoziatzeko aukerarik gabe emakume bat kalean uzteko", txarretsi dute. Erakundeek "abandonatu" egin dutela gaineratu dute, ustez babestu beharko luketen pertsona. Kalitatezko etxebizitza alternatiba bat ere ez diotela eskaini uste dute eta gainerako aukerak aztertzeko betarik ere ez diotela eman.

Elkastasuna eta babesa, bihar

Etxegabetzea berehala etetea eskatu du Etxebizitza Sindikatuak: "Ana Belenek eskubide osoa du bere etxean bizitzen segitzeko. Nahikoa da: ezin dugu onartu hainbat eta hainbat etxe dituzten jabeek beren maizterren bizitzarekin jolastu ahal izatea jabetza pribatuak ematen dien botereaz baliatuta". Elkarretaratzerako deia egin dute: bihar, 07:30etan San Lorenzo kaleko 17. zenbakian elkartuko dira. 

 

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!