GIZALABAK

Elizabeth Magie Philips, Monopoly jokoaren benetako sortzailea

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 20a, 19:30

Bakarne Atxukarrok Elizabeth Magie Philips Monopoly jokoaren aurretiazko bertsioaren sortzailea aurkeztu digu #Gizalabak atalean

Elizabeth Magie Phillips The Landlord 's Game mahai jokoaren asmatzailea izan zen, gero Monopoly jokoa izango zen oinarria.

1866ko maiatzaren 9an jaio zen Illinoisen. James Magie egunkari editore eta abolizionistaren alaba zen. Aitak Abraham Lincoln lagundu zuen Illinoisen bidaiatzen ari zen bitartean, eta Henry George ekonomialariaren teoriak irakatsi zizkion. Teoria horien arabera, gero eta aberatsagoa zen gizarte batek pobrezia nola areagotzen zuen azpimarratzen zuen. Desberdintasunaren oinarri nagusia lurren jabetza pribatua zela ziurtatzen zuen.

Elizabethek literaturako, eszenatokiko eta asmakuntzako jarduerak zituen. Izan ere, 1893an lortu zuen bere lehen patentea, papera idazmakinaren bi arrabolen artetik igarotzea errazten zuen gailu batengatik, hainbat tamainatako dokumentuak sartzeko aukera ematen zuena.

Gainera, emakumearen eskubideen defendatzaile sutsua zen, laneko eta soldatetako diskriminazioari buruz ohartarazteko. Ez zuen ondo ikusten emakumeek aurrera ateratzeko ezkondu behar izatea. Horregatik, iragarri zuen bere burua prentsan, amerikar esklabo gazte gisa, eskaintzaile onenak  eros zezan. Horrek zalaparta handia sortu zuen.

Bestalde, aitarekin ezagutu zuen Henry George ekonomialariaren teorien defendatzaile amorratua zen.

  1. mendearen hasieran, etxe askotan argi elektrikoa instalatzen hasi zirenez, mahai-jokoak zabaltzen hasi ziren. Orduan, Elisabeth Magiek pentsatu zuen joko bat tresna ona izan zitekeela George ekonomialariaren ideiak zabaltzeko, eta mahai joko bat sortzea erabaki zuen, espekulazioaren ondorioak erakusteko.

1902an The Landlord 's Game izenarekin aurkeztu zuen, “Lurjabeen jokoa” alegia. 1904ko urtarrilaren 5ean erregistratu, eta bere patentea lortu zuen.

Lurjabeen jokoak bi motatako arauak zituen, bata monopolioaren aldekoa, eta bestea kontrakoa. Partida hastean, diru kopuru bera banatzen zitzaien jokalari guztiei, baina, monopolioaren arauei jarraituz, irabazleak lur asko bereganatzen zituen, eta galtzaileak miseria gorrian geratzen ziren; monopolioaren aurkako arauekin, berriz, gehiegizko espekulazioa mugatzen zen, eta irabaziak bidezkoagoak ziren parte-hartzaile guztientzat. Era batera edo bestera jokatzeko, denek ados jarri behar zuten bozketa baten bidez.

Jokoa eskuz esku pasatzen joan zen, eta hasieratik garbi geratu zen jendeari interesgarriagoa iruditzen zitzaiola monopolio-arauekin jolastea. Beraz, jokoaren helburua kili-kolo geratu zen.

1924an Charles Darrow langabezian zegoen saltzailearen eskuetara kopia bat iritsi zen arte. Saltzaileari dibertigarria iruditu zitzaion, eta jokoaren kopia bat egin zuen. Gero, bere lagunei utzi zien, eta jolas zoragarria iruditzen zitzaiela ikusita, joko harekin dirua egiteko aukera izango zuela pentsatu zuen.

Berehala hasi zen aldaketa txiki batzuk, eta taula berri batzuk eskuz egiten. Egokitzapen batzuk egin zituen, eta Atlantic Cityko kaleen benetako izenak sartu zituen. Denbora gutxian ia 6.000 kopia saltzea lortu zuen, eta 1935ean patentatzea erabaki zuen.

Horren ostean, Parker brothers jostailu-enpresara jo zuen, eta hark patentea erosi zion, Monopoly izenarekin saltzeko gero. Une hartatik aurrera, Charlesek hainbesteko bat kobratu zuen saldutako unitate bakoitzeko. Ederki aberasteko adina!

Elisabethek Monopolyaren arrakastaren berri izan zuenean, ikusi zuen berak jatorrian patentatutako jokoaren oso antzekoa zela, eta Parker Brothersekin akordio komertziala lortzen saiatu zen. Konpainiak 500 dolarren truke erosi zizkion bere jokoaren eskubideak, baina hainbat urtez atzeratu zuen jokoaren merkaturatzea; beraz, merkaturatu zenean, Monopolya oso ezaguna zen. Izan ere, Charles Darrow milioidun bihurtu zen historiako lehen joko-diseinatzailea izan zen.

Elisabeth Magieren jokoak, bere aldetik, ez zuen inolako arrakastarik izan.

Magie 1948an hil zen, 82 urterekin.

Ordurako, kontakizun laburrak eta poesia idatzi zituen, komediantea, antzerkiko aktorea, feminista eta ingeniaria izateaz gain. Eta, jakina, Monopolyaren  aitzindaria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!