Euskara kalean gozatzeko eta erabilpena sustatzeko helburuarekin antolatu du Antsoaingo Udalak Euskararen udaberria izeneko programa. Maiatzaren 22ra bitartean ekitaldi desberdinak antolatu dituzte.
Nafarroan sorgin izatea leporatuz hainbat emakume auzipetu eta erre zituztenetik 500 urte betetzen direla aprobetxatuz hainbat ekimen egongo dira ikusgai. Esaterako, maiatzaren 15a bitartean Nabarralderen Sorgin ehiza Nafarroan erakusketa bisitatu ahalko da. Maiatzaren 6an Asisko Urmenetaren hitzaldia antolatu dute eta 13an Amaia Nausia irakaslea arituko da erdi aroko emakumeen inguruko hitzartzean.
Antsoaingo euskararen astea ere antolatu dute maiatzaren 10erako ziklo berezi honen barruan. Egun osoan zehar kale animazioa, herri bazkaria edota kontzertuak izango dira.
Euskararen udaberria zikloan musikak garrantzia berezia izango du. Maiatzaren 9an bertso afaria antolatu dute Saioa Alkaiza, Julio Soto eta Sarai Roblesekin eta azkeneko egunean, maiatzaren 22an, Su ta gar taldeko Aitor eta Xabik kontzertu akustikoa eskainiko dute.
Ziklo barruan Euskaraldiari ere hasiera emango diote. Maiatzaren 15etik 25era bitartean hizkuntza sustatzeko ekitaldi erraldoian ere parte hartuko du Antsoaingo herriak.
Irrintzi Plaza saioan Marta Diez, Antsoaingo alkatea elkarrizketatu dugu Euskararen udaberria zikloaren inguruko xehetasunak jasotzeko.