Iruñerriko Mintzodromoaren laugarren edizioa ospatu zen atzo arratsaldean Baluarten. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak antolatu zuen lehenengo aldiz, AEK, IKA, Zubiarte, Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Tauparekin elkarlanean. Aurtengo leloa: Tar-tarrean goxo-goxo. Halaxe aritu baitziren, lau lagunetako taldetan banatuta, Baluarteko Luneta aretora hurbildu ziren euskara ikasle eta mintzakideak. Bi helburu nagusi zituen atzoko ekimenak: euskaraz aritzea eta euskaraz gehiago hitz egiteko aukerak biderkatzeko, parte-hartzaileen harreman sarea ugaritzea.
160 lagun aritu ziren tar-tarrean, 36 mahai desberdinetan, 20 minututako hiru txandatan. Antolatzaileek hizketa gai batzuk proposatu zituzten, baita galdera desberdinak ere, solasaldiak errazte aldera.
Mintzodromora hurbildu ziren parte hartzaileak ez ziren bakarrik egon. Gonbidatu bereziak zituzten zain mahai desberdinetan sakabanatuta. Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Amets Aznarez musikaria eta Geltokiko kultura koordinatzailea, Anabel Arraiza telebista aurkezlea, Castillo Suarez idazlea eta Eneko Gartzia eta Danel Pascual, Euskalerria Irratiko Flop Kultura podcasteko kideak izan ziren aurtengo gonbidatuak.
Euskalerria Irratia ere Mintzodromora hurbildu zen eta Irrintzi Plaza saioa zuzenean emititu zen Baluarteko Luneta aretotik. Hainbat gonbidatu berezi igaro ziren gure mikroen aurretik. Jabi Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria, Marta Molinero AEK-ko irakaslea, Xabier Martinez de Lezea IKAko kidea, Taupako Emma Arrizabalaga, Ainhoa Madariaga Zubiarte euskaltegiko zuzendaria, Jaume Gelabert Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara saileko burua, Iñaki Perurena, Eneko Gartzia, Danel Pascual eta parte hartzaile zenbait izan genituen gonbidatu. Denak, tar-tarrean goxo-goxo aritu ziren.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!