Egun ingurumenaren arloan dauden eztabaida eta gatazka nagusien inguruan hausnarketa sustatzea bakarrik ez, eta ekintza kolektiboa bultzatzeko asmoa dauka Iruñeko Udalak Ingurumen Hezkuntza Museoaren bitartez antolatzen duen Ecozine zinema zikloak. Apirilaren 7tik 10era bitartean, lau film luze emanen dira Golem Baionan, sarrera librearekin.
Egitasmoak Zaragozan egiten den izen bereko jaialdiaren lagin bat ekartzen du nafar hiriburura, Iruñeko Udaleko ingurumen teknikari Iosu Alfarok argitu moduan. Emanaldi guztiak 19:30ean izanen dira, eta filmaren egilearekin edota dokumentalak jorratzen duen gai nagusiarekin lotura duen adituren batekin eginen den elkarrizketak osatuko du saioa. Apirilaren 7an, Vidas irrenobables emanen da, trantsizio energetikoaren argi-ilunetan murgiltzen den dokumentala. Hurrengo egunean, Heaven is a closed nightclub dokumentalaren txanda izanen da, estetik artistikoena duen filma, 80 eta 90eko hamarkadetan egondako borroka kolektiboak berreskuratzen dituena. Asteazkenean, apirilaren 9an, Sintropica filma izanen da proiektatuko dena, basoen zikloan inspiratzen den bidaia bat. Azkenik, Una canción para mi tierra argentinarrak itxiko du zikloa.
Publiko orokorrari zuzendutako zikloaz gain, Ecozinek ikastetxeei bideratutako atala ere izanen du, martxoaren 31tik aurrere eginen dena. Izena ematen duten ikastetxeetako ikasleek film laburrak ikusi eta proiektu zehatzak garatzeko aukera izanen dute egitasmoaren eskutik. Oraindik ere izena emateko tartea daukate ikastetxeek, leku guztiak bete arte. Informazio eta xehetasun guztiak Ingurumen Hezkuntzako Museoaren webgunean aurkitu daitezke.