Zer gertatzen da gure identitatearen zatiak ukatzen ditugunean? Gure zein zatik hil behar du beste berri bat jaiotzeko? Nola esan agur maite dugunari? Guzti horren inguruan hausnartzen du Lucia Ezker eta Mikele Urrozek sortutako Mendia obrak, ostegunean Berriozarko Mendi Eskolak antolatu duen Mendialdia zikloaren eskutik oholtzaratuko dena Berriozarko entzunaretoan, arratsaldeko 19:30ean.
Bakarrizketa formadun pieza eszenikoa da Mendia. Obra honetan, alpinista bat mendira abiatuko da espedizioan, eskalada-bide baten bila. Urrozek eta Ezkerrek argitu moduan, antzezlanak mendiari uko egin zion alpinista baten krisia kontatzen du, eta senitarteko baten errautsak uzteko bertara itzuli behar duenean hasten da: "Mendi oro kolpe batetik sortzen da, talka bortitz batetik, indarren arteko topaketa katartiko batetik. Antzezlan honek mendiari uko egin zion alpinista baten krisia kontatzen du, eta senitarteko baten errautsak uzteko bertara itzuli behar duenean hasten da".
Piezak lengoaia eszeniko berrietan murgiltzen da, zuzeneko kamera eta maketak erabiliz eta dramaturgia plastikoa eraikiz sorkuntza kolektiboaren bidez. Horretaz gain, esparru ezberdinen arteko topaketetatik abiatu da, alpinista eta sortzaile garaikideen artean. Innova programaren, Erriberriko Antzerki Jaialdiaren, Azpeitiako Kulturaz Kooperatibaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du.