"Ana Goitia Erkiaga naiz. Anatxu lagunentzat eta lagunak ez direnentzat ere bai. 40 urterekin konturatu nintzen bakarrizketak egiteak izugarrizko plazera ematen didala… Eta nere bizitzan horixe nahi dut egin, plazera eta gozamena behin eta berriz sentitu eta sentiarazi. Hori bai, gardentasuna eta gordintasuna ardatz izanda beti! Mihiari kosk egin gabe…".
Horrela aurkezten du bere burua Ana Goitia kazetari eta umoregileak. Telebistan umorea egiten hasi eta gero, bere lehenengo umorezko bakarrizketa luzea aurkezten du, Katana izenekoa. Mingaina, katana bezain zorrotza duela aitortu digu Anak eta horregatik inongo beldurrik gabe bere egunerokoan dituen bizipenen inguruan mintzatuko da. Musika, matxismoa, lodifobia, gurasotasuna, adina edota beste hainbat gai landuko ditu.
Mikroa eskutan, bakarrik egongo da oholtzan eta ordu beteko saioa eskainiko du. Martxoaren 9an, igandean, arratsaldeko 7etatik aurrera Burlatako Kultur Etxean gozatzeko eta barre egiteko aukera ederra izango dugu.
Irrintzi Plazan Ana Goitia gonbidatu dugu eta bere “katana” zorrotza astintzeko aukera izan du.