MARTXOAK 8 'FAXISMOAREN AURKA'

Ekhi Petriati (Bilgune Feminista): "Feminismoaren kontrako jarrera erreakzionarioak ez datoz soilik eskuin muturretik"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko mar. 3a, 20:21

Azken urteetako oldarraldi faxista eta diskurtso erreakzionarioak jarriko ditu jomugan Euskal Herriko Mugimendu Feministak larunbateko manifestaldietan

Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak lemapean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak larunbatean euskal hiriburu eta herrietako kaleetara ateratzera deitu du. Iruñean 13:00etan izanen da hitzordu nagusia, Antoniuttitik abiatuko den manifestaldiarekin.

2023ko greba feministak zaintza publiko eta komunitarioaren beharra aldarrikatu zuen eta iaz ere argia izan zen lema: Gure bizitzarekin, negoziorik ez. Azken Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, azaroaren 25ean, gizonei urrats bat eman eta feminismoarekin aktiboki lerratzeko deia egin zitzaien. Gero eta antolatuago, artikulatuago eta indartsuago dagoen mugimendu feministaren aurrean, alta, jarrera erreakzionarioak piztu dira. Ekhi Petriati Iruñerriko Bilgune Feministako kideak argitu bezala, "diskurtso horien aurrean ezin dugu ezikusiarena egin, eta kaleetan ari bagara ere sare sozialetan ere antolatzeko erronka daukagu". 

Gizonek euren pribilegioak zalantzan ikusten dutenean pizten diren erreakzioak aipatu ditu Petriatik, "ez bakarrik faxismoaren berezko alorrean". Indarkeriaren norabidea ere zehaztu du Bilgune Feministako kideak: "Badaramagu borroka historiko bat indarkeria pairatzen dugunon artean, ez garela bakarrik emakumeak, bollerak eta transak hor ere bagaudelako, baita gorputz arrazializatuak ere. Gero eta gehiago zehaztu indarkeriak, gero eta gehiago pizten dira erreakzioak". 

Larunbatekoa aldarrikatzeko eguna izanen da, bai eguerdian Antoniuttitik abiatuko den manifestaldian, baita egonen diren bestelako ekintzetan ere: "Tartea utzi nahi izan diogu aisialdiko espazioari. Bazkari autogestionatua egonen da eta jaialdirako tartea ere izanen dugu manifestaldiaren ondoren". 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!