Abenduaren 21ean abiatu zen Brif Braf Bruf haur literatura eta ilustrazioaren jaialdiaren 5. edizioa Txantrean, Kontalariak Elkarteak, auzoko haurrek eta artista kolektibo batek elkarlanean antolatuta. Gianni Rodari idazlearen irudian eta pedagogian inspiratua, jaialdiak fantasiaren beharra aldarrikatzen du, Maitena Muruzabal elkarteko kideak argitu moduan: "Bizitzeko eta gure errealitatea ezagutzeko ezinbestekoa da. Jaialdiaren helburu nagusia sormena eta fantasia hori sustatzea da, Txantrea auzoko plaza eta kaleetan esperientzia fantastikoen bidez, hitzarekin eta ahozkotasunarekin jolasteko".
Auzoan lau fantasiazko unibertso ireki dituen jaialdia abenduaren 4an, larunbatean, amaituko da, Ardiñurrieta plazan eginen den Hitzen Bingoa eta sarien zozketarekin. Bien bitartean, alta, auzoa zeharkatzen duten lau guneetaz gozatzeko parada egonen da, gurean izan ditugun Xabier Pegito, Sua Olza eta Leire Velez txantrear gazteek argitu diguten moduan.
Jaialdia eta auzoan dauden giza erakunde eta elkarte kulturalekin elkarlanean gauzatu da, tartean, Txantreako liburutegia, Latxan merkatarien elkartea, Jai Batzordea, Bernart Etxepare, Garcia Galdeano eta Doña Mayor Ikastetxe Publikoak eta El Molino eskola. Egitarau osoa ekimenaren webgunean bertan ikusi daiteke.