Musika eta literatura senidetzeko gogoak bildu izan ditu Mugaldekoak taldea beren sorburutik. Bihar ere asmo horrekin elkartuko da Edu Zelaieta idazle gasteiztarrak eta Beñardo Goienetxe eta Raul Garcia musikari beratarrek osatzen duten hirukotea, Iruñeko Kondestablearen jauregian, 19:30ean, Pamielak argitaratutako Presbiziak lagundu omen digu poema liburuaren bueltan eginen duten errezitaldi musikatuan.
Pamielak argitaratutako liburuan "gorputzaren endekatzea" izan du lehengai egileak bere poesia eraikitzeko eta, gorputzaren ondatze horren eskutik, egunerokotasunean zeharkatzen duten gai askotarikoak ere. Gai horiek musikaz lagunduta oholtzaratuko ditu ostiraleko emanaldian, Mugaldekoak taldekideekin.
Hogei urte dira Mugaldekoak taldea sortu zenetik, orduko hartan ere Zelaietaren izenburu bereko liburu batetik abiatuta. Hainbat disko eta proiektu elkarlanean ekoiztu ondoren, Presbiziak lagundu omen digu talderaen itzulera txiki bat bezala ulertu daiteke, Zelaietak aitortu gisan. Kondestableko emanaldian, bestalde, primiziaren bat egonen dela aurreratu du. Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatu duten emanaldirako sarrera librea da, lekua bete arte.