Eraikin frankistak botatzeko eskaera jasotzen du Memoria Historikoaren legeak. Betebehar bat bezala. Hala uste dute Erorien Monumentua eraisteko eskatzen ari diren elkarte memorialistetako kideek. Urrian, idazkia erregistratu zuten elkarte horiek Iruñeko Udalean eskatuz, has zitezela eraikinaren eraistearekin. Erantzunik gabe segitzen dute. Areago, hiru alderdiren arteko akordioarekin egin dute topo. Eraikina bere horretan mantentzea, makillatzea dela iruditzen zaie. Eta ez zaizkie batere egokiak iruditu akordiora heltzeko emandako urratsak, besteak beste, elkarte memorialistak alboratu dituztelako. Hilabete asko dira haiekin biltzen ez direla. Erantzun bat jaso nahi dute eta eraistearen alde segitzen dutela aldarrikatu zuten atzo Iruñeko Udal plazan egindako elkarretaratze batean.