Ostegunean abiatuko da Iruñeko Udalak antolatzen duen klima ekintzarako lantaldea

Miren Mindegia Petrirena 2024ko urr. 22a, 18:20

Urritik maiatzera bitartean, zortzi ostegunez bilduko da taldea trantsizio ekologikoarekin lotutako gaiak jorratu eta ekintza desberdinak burutzeko. Izen-ematea zabalik dago oraindik

Iruñeko Udalak laugarrenez jarri du martxan klima-ekintzarako lantaldea osatzeko ekimena. Ingurumen Heziketa teknikari taldeak dinamizatzen duen egitasmoaren helburua trantsizio ekologikoari kolektiboki erantzuna ematea da. Urriaren 24ean eginen da lehenengo saioa eta maiatzera bitartean zortzi ostegun arratsaldez bilduko da taldea, klima aldaketarekin lotutako gai desberdinak jorratu eta ekintzak burutzeko. Taldean izena emateko epea irekita dago oraindik. 

Gurutze Santxo Iruñeko Udaleko ingurumen heziketa teknikariak argitu moduan, "ekintza" bera da egitasmoaren gakoa, egon daitezkeen erronkak teoriatik praktikara eramatea. "Saio horietan banakako zein taldekako aldaketa-ekimen batzuk aztertuko ditugu, eta konpromiso ebaluagarriak hartuko ditugu  trantsizio ekologikoko prozesuak martxan jartzeko".

Aurreko edizioak Ingurumen Heziketarako Museoan egin badira ere, aurten Emakumeen Etxean eginen dira. Izen-ematea zabalik dago eta 010 edo 948 42 01 00 (Iruñeaz kanpotik edo sakeleko telefonoz deituz gero) telefonoetara deituz egin daiteke. Xehetasun guztiak Iruñeko Udalaren webgunean aurkitu daitezke. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!