Iruñeko Karlos III. etorbidea Orreaga zeharkalearekin elkartzen den gune horretan atzo informazio gune bat jarri zuten. Giza Inmunoeskasiaren Birusaren inguruko proba egiten aritu ziren. Sexu bidezko gaixotasunen hazkundeaz ohartarazi dute eta GIBaren kasuan jakinarazi dute urtero Nafarroan 30 kasu inguru atzematen direla. "Egonkor mantentzen da kutsatze-tasa, hortik behera egin beharko litzateke", uste dute Ihesaren Kontrako Batzordeko kideek. "Gakoa prebentzioa da", esan du Itsaso Bakedano sexologoak.
Kutsatze gehien azken urteotan 14 eta 29 urte arteko gazteen artean sumatu dute. Eurei bideratu nahi diete mezua: "Prebentzio neurriak hartu behar dira. Bikote heterosexualen artean ere hazi egin dira sexu bidezko gaixotasunen transmisioa", jakinarazi du. Arriskua suposa dezakeen praktikarik izanda, proba egiteko deia egin dute. "Gaixotasunak ahalik eta lasterren atzematen badira tratamendua zenbait eta azkarren jasotzeak asko laguntzen du bizi kalitate hobea izaten", azaldu du Bakedanok. Prebentzioa da gakoetako bat gaixotasun hauei aurre egiteko eta kutsatzea gelditzeko: "Sexu-hezkuntza garrantzitsua da gazteek informazio guztia eskura izan dezaten", iruditzen zaio sexologoari. Itsaso Bakedanori egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.