Txantreako Jai Batzordeak antolatzen duen antzerki zikloaren eskutik, larunbatean Markelen maleta obra estreinatuko da Txantreako Salestarren antzokian, arratsaldeko 18:00etan. Iñigo Avilak idatzi eta zuzendutako antzezlanak etorkinen inguruan hitz egiten du: "Gai sozial honetaz hitz egin nahi nuen. Aurretik ere jorratu izan dudan gai bat da etorkinena, baina ez antzerki formatuan. Publiko orokorrarentzat den zerbait sortu nahi izan dut, haur zein helduentzat".
Hala, Chris Naylor Ballesteroren The suitcase haurrentzako ipuinean oinarritu zen Avila obra sortzeko. "Guztiz maitemindu nintzen ipuin honekin. Hortik abiatuta, pertsonaiak eta dialogoak sortu eta antzezlana osatzen joan nintzen". Istorioak pertsona atzerritar bate etorrera du gai nagusitzat, gerratik ihesean Antzerkiaren Mundura iristen dena. Han Otto eta Mia ezagutuko ditu, beso-zabalik hartuko dutenak. Hala ere, galdera ugari izanen dituzte: Zer da gerra? Zer darama Markelek maleta barruan? Iker Colomok, Ilunber Ayestaranek eta Saioa Gonzalezek osatzen dute aktore taldea.
Avilak Sakonera marka sortu du bere sorkuntza lan guztiak biltzeko. Izan ere, antzerkiaz gain bestelako diziplinak ere jorratzen ditu, tartean literatura eta ikusentzunezkoak.