Azken Hatortxu Rocken emandako kontzertuaren ondoren geldialdia hartzeko unea iritsi zitzaiola iragarri zuen Skabidean taldeak. Hori iaz izan zen, eta hilabete bateko atsedenaldariaren ondoren, buru-belarri jarri zen disko berriarako abestien konposaketan. Irailaren 1ean iritsi da lan horren emaitza, Hau errepikaezina izan da, talde iruindarraren ohiko ska, reggae eta punk oi soinuko 17 abesti eta ia ordubeteko iraupena duen diskoa. Garate estudioetan grabatu dute lana, Kaki Arkarazorekin.
Diskoa osatzen duten abesti eta bideo guztiak aldi berean plataforma guztietan plazaratzeko erabakia hartu du taldeak. Tasio Lopez abeslariak argitu bezala, hasierako asmoa ez zen berez disko luze bat egitea: "Horrela suertatu zen, abestiak egiten joan ginen eta azkenean 17 hauek sartzea erabaki genuen". Imanol Olague gitarra jotzailearen arabera "gaur egun musika kontsumitzeko moduarekiko kritika bat ere" bada diskoa horrela osatu izana, aldi berean. "Ez diogu entzuleari zein kantu entzun behar duen aldez aurretik adierazi nahi izan, singlea zein den esanez. Denak batera atera eta berak aukeratu dezala nahiago izan dugu".
Skabideanek dagoeneko eman ditu disko berriaren aurkezpen birako lehenengo kontzertuak. Nafarroan azaroaren 30ean izanen dute lehenengoa, Iruñeko Totem aretoan.