Lur Gil, Berriozarko euskara teknikariak bi ekitaldi nabarmendu ditu aurtengo egitarautik. Irailaren 24an Jon Maiak “De Extremadura al euskara” izeneko hitzaldia eskainiko du erretiratuen klubean. Berriozarren handia da Andaluziatik eta Extremaduratik iritsitako bizilagunak eta idazleak haiekin partekatu nahi ditu bere esperientziak, bere familia ere Extremaduratik Gipuzkoara emigratu baitzuen. Ostegunean berriz, Berriozarko historian zehar bidaia egingo duen kale antzerkia antolatu dute. “Eta herri berri bat eraiki genuen” ikuskizuna ibiltaria izango da eta herriko bost tokitan antzeztuko dira Berriozarko historiako pasarte desberdinak.
Haurrentzat ekitaldi andana antolatu dira. Euskal Herriko eta Kataluniako erraldoi konpartsa desberdinen panpinen erakusketa, Arrigola Marrigola lantegia, jauzien erakustaldia edota Dindaiak antolatutako Kobazuloaren misterioa ginkana, besteak beste.
Irailaren 28an euskararen eguna antolatuz emango diote bukaera egitarauari. Egunean zehar kale animazioa, dantzak, musika, bazkari herrikoia edota kontzertuak egongo dira.