SANFERMINAK 2024

Aitziber Campion: “Ez naiz eroso sentitzen prozesioaren atzetik joanda”

Euskalerria Irratia 2024ko uzt. 7a, 13:11

Parte hartze eta euskara zinegotzia da Aitziber Campion. EH Bilduko zinegotzi batzuek egiten dute prozesioaren ibilbidea, baina ez denek: “Hori ere bada hiriaren aniztasunaren isla”, esan du.

“Ez naiz erabat eroso sentitzen prozesioaren, Elizaren atzetik joanda. Gure taldean batzuk joaten dira besteak ez, horrek islatzen du hirian dagoen aniztasun hori”, esan du EH Bilduko zinegotzi Aitziber Campionek.  Parte hartze eta Euskara zinegotziak gogoan izan du sanferminen aurretik Iruñeko Udalean osoko bilkuran adierazpen bat atera zela aho batez bizikidetzaren eta errespetuaren izenean: “Errespetuz aritzeko nahia jaso genuen adierazpen horretan aipamen berezia eginez Kuria kalean gaurko egunarekin izaten direnei. Espero dezagun prozesioa bertatik pasatzen denean giroa lasaia izatea”, adierazi du Campionek.

Erabateko errefusa eraso matxistei

“Iruñeko Udala prest eta prestatuta dago halakoei aurre egiteko”, nabarmendu du EH Bilduko zinegotziak. Erabat errefusatu du jazotako eraso matxistak eta  babes eta elkartasuna helarazi nahi die biktimei. “Gaur bat egiten dugu mugimendu feministak egindako deialdiarekin”, gaineratu du. 21:30ean elkarretaratzera deitu du mugimendu feministak eraso horiek salatzeko Gazteluko plazan.  

“Espazio segurua izan behar du jaiak. Atzo kalean ginela konturatu ginen emakume bat ikusterako hamar gizon ikusten genituela. Espazio seguru eta erosoa da beraientzat, guretzat ez”, hausnartu du Campionek.

Txupinazoaren unetxoa

Joan den urtean ere zinegotzi zen Campion eta bigarrenez izan zen atzo udaletxe barruan txupinazoaren unean. “Txupinazoa ezin izan nuen ikusi ez garelako sartzen zinegotzi denak balkoian. Unerik polittena niretzat, balkoia hustu zenean kalea ikusteko aukera izan nuenean izan zen”, gogoratu da.

Euskara zinegotzia den aldetik jakinarazi du ahalegintzen direla euskararen presentzia festetan ere ahalik eta handiena izan dadin: “Egia da inertzia askori egin behar diegula aurre oraindik”, gaineratu du.

Zezenik gabeko festak, posible

“Zezenketa batean ez naiz sekula izan. Oso gaztetatik dugu balore hori argi. Ez du merezi zezenaren sufrimenduak parranda batengatik. Espero dut zezenik gabeko sanferminak ikusi eta bizi ahal izatea”, argi esan du EH Bilduko zinegotziak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!