Barañaingo Alaitz institutuak, 2024/2025 ikasturtean, Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientziak modalitateetako Batxilergoko lehen mailan bi ikasgelak mantenduko ditu. Hezkuntzak lerro bat ezabatuko zuela iragarri zuen aurrematrikulazioa egin ondotik, unean uneko datuek hala markatuta, eta 26 ikasle geratu ziren kanpo, plazarik gabe. Kaltetutako ikasleen familiek protesta egin dute, eta orain, Hezkuntzak prozesua amaituta, hasierako aurreikuspena zuzendu eta onartu du Alaitzek bi ikasgelak mantentzea.
D ereduko plazen eskaintza eta eskaria Iruñearen eta Eskualdearen eragin-eremuan "modu teknikoan eta arrazoituan" orekatzen direla adierazi du Foru Gobernuak.
Hezkuntzako plangintza arloak DBHko eta Batxilergoko hamabost talde inguru gehitu ditu hezkuntza-sare osoan, horietako bat izan da Alaitz BHIko Batxilergoko lehen ikasturteari dagokiona. Hala ere, prozesua ez da amaitutzat ematen irailean ikasturtea hasi arte, eta beste zenbait talde gehitu daitezke oraindik ere eskolatze-premien arabera.