Yala Nafarroa Palestina elkarteko kirol batzordeak egitarau zabala prestatu du asteburu honetarako, Al Awda ospitalera eta UPWC emakume palestinarren elkartera bideratuko den dirua biltze aldera. Hala, ostiralean Emakumea eta kirola hitzaldia emanen da zoru pelbikoaren inguruan, Atarrabiako kultur etxean; larunbatean zunba maratoia izanen da Ansoaingo kiroldegian; eta igandean pilota jaialdia eginen da Labrit pilotalekuan. Sarrerak eta izen-emateak zabalik daude oraindik, eta jardueren egunean bertan ere erosi daitezke leihatiletan, hasi baino ordubete lehenago. Sarrerak erosi ezean, ekarpen boluntarioak ere egin daitezkeela nabarmendu dute antolatzaileek.
Elisa Uharte Yala Nafarroa Palestinarekin elkarteko kideak azpimarratu moduan, "inoiz baino beharrezkoagoa da orain Palestinarekiko elkartasuna erakustea". Izan ere, azken aldiko erasoaldiak muturrera jo dutela kontutan hartuz, "ukaezina da gertatzen den honi genozidio deitzea". Neurriak hartzea beharrezkoa dela ere nabarmendu du: "Isralekin harreman guztiak moztea, arma salmenta gelditzea eta zigorrak ezartzea".
Nafarroak palestinar herriarekiko elkartasuna hasieratik erakutsi duela ere azpimarratu du eta kirol batzordetik egiten ari diren kanpaina desberdinak ere nabarmentzekoak izan direla azpimarratu du. Hala, ostiralean, larunbatean eta igandean eginen den jardunaldia ere kanpaina hori indartzera bideratuta dago.