Jone Arnedo (Paris365): "Jendea aterperik gabe geratzeko arriskuan dago"

Maialen Huarte Arano 2024ko mai. 21a, 10:45

Gizarte arloko zenbait kolektibok salatu dute negu garaian irekita izaten den aterpetxea isteak jendea kalera itzultzea eraginen duela: "Elikadura duina eta aterpe egokia behar du deus ere ez duten herritarrek", esan du Jone Arnedo Paris 365 taldeko kideak. Ostiralean elkarretaratzea egin zuten egoera salatzeko eta zopa beroa banatu zuten bertaratutakoen artean. Parlamentuan ere egin dituzte eskaerak, kontuan hartu eta erakundeetatik erantzun egokiak bila ditzatela eskatuz. 

Aterperik gabe geldituko da jendea Iruñean. Hori uste dute gizarte arloan lan egiten duten zenbait kolektibok. Neguan zabaltzen duten aterpetxearen itxierak egoerak larriagotu eginen dituela ohartarazi zuten joan den ostiralean elkarretaratze batean. Iruñeko udaletxe plazan elkartu ziren salaketa egin eta bertaratutakoen artean zopa beroa banatzeko. "Pobreenek kalean bizitzera behartuta ikusiko dute euren burua. Elikadura eta aterpe duinak eskatzen ari gara", ohartarazi du Jone Arnedo Paris 365 taldeko kideak. Iruñeko Udala plangintza osatzen ari da etxerik gabeko jendea kalean geratu ez dadin, baina ez dela nahikoa uste dute: "Administrazioarekin egin behar dituzte tramiteak asko atzeratzen ari zaizkie askori eta horrek eragiten du baliabideetara sarbidea asko atzeratzea", azaldu du. Arnedori Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!