Mikel Kazalis (Anestesia): "Nire burua duela 20 urte bezain indartsu ikusten dut"

Miren Mindegia 2024ko mai. 8a, 18:48

'Azken heriotza' biraren eskutik, Anestesia taldeak kontzertua emanen du larunbatean Atarrabiako Totem aretoan

Biarritzetik, Donostiatik eta Azpeitiatik igaro ondoren, Anestesia taldearen ‘Azken heriotza’ kontzertu bira Totem aretora iritsiko da, larunbat honetan. Ez dira garai errazak izan taldearentzat, osasun arazoak, pandemia eta taldekide aldaketak tartean. Baina oholtzan daude berriro basurdeak, betiko indarrarekin eta egurra emateko gogoz.

Taldeko buru eta bihotz Mikel Kazalisek nabarmendu bezala, "garai iluna" igarotzea egokitu zaio azken urteotan, 2019an diagnostikatutako minbizi bat tartean. Gaitzaren lehen kolpea gailendu ondoren pandemiak eszena osoa geldiarazi zuen eta tunel luze hartatik ateratzekotan zeudela zirudienean, bigarren osasun kolpea jasan zuen. Anestesiaren itzulera zekarren Fenix bira behin baino gehiagotan bertan behera utzi behar izan zuen taldeak. Ondoren, Kazalisekin batera taldearen sortzaile izandako Imanol Belokik taldea utziko zuela iragarri zuen, Kazalisentzat kolpe gogorrenetarikoa izan zena. "Hala ere, burugogor jarri nintzen beste bateria baten bila. Erraza ez bazen ere, azkenean aurkitu genuen, eta oholtzara itzultzeko taldea berriro osatu". 

Hartara, inoiz baino biziberrituago itzuli da taldea oholtzetara. "Birako kontzertu guztietarako sarrerak agortu dira, Totemerakoa ezik oraindik gutxi batzuk badituena, eta harrera ezin hobea izaten ari da". Hunkituta agertu da Kazalis jarraitzaileen erantzunarekin. "Kontzertuak oso bereziak izaten ari gara, energia desberdin bat sortzen da publikoaren eta gure artean, zaila da hitzekin deskribatzen". Unean unekoa bizitzen ari dela azpimarratu du, jakin gabe hau Anestesiaren azken bira izango ote den edo ez. "Ez nabil horretan pentsatzen, datorrena datorrela, oraingoaz gozatzen ari gara". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!