Iruñeko La Piel antzerki taldeak jaso du Euskaltzaindiaren Lautan Hiru laguntza

Reyes Ilintxeta 2024ko ots. 20a, 18:58

Ostegun honetan estreinatuko du talde iruindarrak Beren izenez antzezlana Bilboko Kalderapeko gunean. Markos Goikolea da testuaren egilea eta umorearen bidetik lan honetan izenen eta identitatearen inguruko hausnarketa egin nahi dutela adierazi digu Irrintzi Plazan. 

Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen 2020an, Bilboko Udalaren babesarekin. Sari horren helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntzari bultzada emateko xedez.

Horretara, 2024ko Lautan Hiru laguntza Iruñeko La Piel konpainiak irabazi du, Beren izenez lan laburrari esker. Konpainiak 2.000 euroko zenbatekoa eskuratu du eta antzezlana Bilboko jaialdian estreinatuko da otsailaren 22an. Oholtza gainean Jaione Urtasun eta Xabier Flamarike aktoreak arituko dira. 

Cafe Bar Bilbaok, Bira Kulturak eta Euskaltzaindiak osatzen duten epaimahaiaren arabera antzezlan irabazleak, “gidoi landua du, kolpe barregarriz beterikoa, absurdo samarra eta egoera are absurdoago batean gertatzen dena: pertsonaietako baten aitaren gaubeilan, hots, kartoizko hilkutxaren aurrean”.

Lautan Hiru jaialdia

Jaialdia Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira Kulturak antolatzen dute, eta egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, euskarazko sorkuntzari gune berriak eskainita; bide batez, Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, hiriko kultura-aukerak zabaltzeko asmoz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!