Txantrean izanen den etxegabetze bat salatu du Haritu Etxebizitza Sindikatuak

Maialen Huarte Arano 2024ko ots. 20a, 13:01

Iruñeko Udalaren Etxebizitza Bulegoan elkarretaratzea egin dute Haritu Etxebizitza Sindikatuak eta Jakitoki taldeak Txantrea auzoan ostegunean izanen den etxegabetze bat salatzeko. Iruñeko Udalari eskatu diote "benetako alternatiba bat" eskaintzeko familia horri "hotel bateko logela" ez delako aukera egokiena izan euren ustez. 

Iruñeko Udalaren Etxebizitza Bulegoan elkarretaratzea egin dute Haritu Etxebizitza Sindikatuak eta Jakitoki taldeak. Ostegunean etxetik botako dute familia bat Txantrean. Lau seme alaba dituzte eta hamaika urte daramatzate bizitzen etxebizitza horretan. Jabeak baina, etxetik kanporatzeko agindua emana die duela bi urte eta tarte honetan ez dute beste aukerarik aurkitu ahal izan.Haritu sindikatuaren esanetan, familia ugaria izanagatik, soldata bakarra izanagatik eta atzerritar jatorrikoak izateagatik bereziki daude egoera horretan.

Iruñeko Udalak 6 kidetako familiarentzat hotel logela bakarra eskaini die, denboraldi zehaztugaberako, sukalderik gabe eta adingabeei eskolatzea normaltasunez segitzeko aukerarik gabe: "Benetako alternatiba eman diezaiola eskatzen ari gara", esan du Zuberoa Hualde Haritu Sindikatuko kideak. Kasu hau ez dela isolatua ere salatu du: "Apirilerako Arrosadia auzoan beste familia batek agindua du etxea uzteko. Lau seme alaberekin".

Etxebizitza eskuratzeko moduen birmoldaketa integrala eta etxebizitza alternatiba duina eskatzen ari dira, hala nola, etxegabetze guztiak geldiaraztea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!