11:00etan SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak elkarretaratzera deitu dute Sarasate pasealekuan, Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean. Lantokietan Stop Islamofobia goiburuarekin eginen dute.Kasu konkretu baten salaketa eginen dute, baina LAB sindikatuak adierazi du "ohikoa" dela halako diskriminazioa pairatzea: "Zapia erabiltzea oinarrizko eskubidea da eta ez luke diskriminaziorik eragin behar", esan du Jaime Iribarren LAB sindikatuko Ekintza Sozialerako Nafarroako arduradunak. "Ez da kasu bakana. Asko dira, eta aintzat hartu behar da nori egiten ari zaion min", jakinarazi du. Izan ere, emakume etorkin, arrazializatuak, prekarietatean lanean ari direnak gehienak direla salatzen ari dira.
Lan Ikuskaritzak gertatu dena ikertzea eskatuko dute goizeko hamaiketan eginen duten elkarretaratzearen bidez. "Eskubide urraketa izan bada, ezin du beste alde batera begiratu", uste du Iribarrenek. Auzitegietara jotzeko eskatzen ari zaio salatzaileari, baina Europako Justizia Auzitegietako epaiak bete diren edo ez ikertzea Lan Ikuskaritzaren ardura dela iritzi dio LABek.