Bertsoaroaren edizio berriak egitarau oparoa dakar aurten, Saioa Oneka Nafarroako Bertsolari Elkarteko komunikazio arduradunak argitu moduan. Bertso-jaialdiak, bertso-saio musikatuak, bertso afaria... Bertsoa bere ohiko formatuetatik ateratzen duten saioak izanen dira, jaialdiaren moldeei jarraiki. Ohi bezala, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu dute zikloa.
Otsailaren 8an abiatuko da egitaraua, 19:00etan Nafarroako Antzerki Eskolan ospatuko den bertso-jaialdiarekin.
Amets Arzallus, Ekhiñe Zapiain, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza izanen dira bertsolariak, eta Ander Aranburu arituko da gai-jartzaile lanetan.
Otsailaren 14an, AMAraun izeneko programazio berezia aurkeztuko dute aurten. Amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatuko duen proiektu artistiko berritzailea sortu dute Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak. Istorio bat kontatuko dute eskura duten lengoaia guztia baliatuz: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena… Ikuskizuna Antzerki Eskolan izango da arratsaldeko 19:00etan.
Aurten ere Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerra antolatu dute Sanduzelaiko Civivoxean. Haurrak jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra da, eta izen-ematea beharrezkoa da nafarroa@bertsozale.eus helbidean edo 948143747 telefonora deituta. Saioa otsailaren 17an izango da eta beraz, otsailaren 15a baina lehen eman beharko da izena.
Otsailaren 23an, Laban, bertsolari gazteen saioa izango da. "Bertsolaritzaren orain eta etorkizuna diren horiei, gazteei, plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emango zaie saio honetan", aitortu dute antolatzaileek.
Otsailaren 28an, beste saio berezi bat antolatu dute. Hamar autorek idatzitako, eta Consonnik argitaratutako Zirriborroak eta gero ipuin bilduma oinarri hartuta, bertso saio espekulatibo futurista diseinatu dute. Maite Berriozabalek jarriko ditu gaiak eta Miren Amuriza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga izango dira kantuan. Saioa Antzerki Eskolan izango da 19:00etan.
Bertso afarira itxiera egunean izango da, martxoaren lehenean. Geltokiren webgunean erosi beharko dira sarrerak aldez aurretik, 28 euroan (menua kontsultatu daiteke). Azkenik, gazteen bertso saioak sarrera librea izango du, edukiera bete arte.