Baobabs Will Destroy Your Planet taldeak 10 urte bete ditu aurten. Hartara, joan zen abenduaren 16an Iberon grabatutako kontzertuaren lehenengo bideoa sareratu dute berriki, eta laster emanen dituzte ezagutzera hurrengoak. Taldeko abeslari eta sortzaileetako bat den Eymard Uberetagoena gurean izan dugu, taldearen ibilbideari errepasoa ematen.
2014ean sortu zen taldea, Uberetagoenak gogoratu bezala, aurretik sobera pentsatu gabe. "Enekok (Reketibate, taldeko bateria jotzailea) eta biok zerbait egiteko gogoa genuen, eta besterik gabe, taldea sortu genuen". Laster hazi zen taldea, eta 2015ko Gaztea Maketa Lehiaketan sari berezia eskuratu ondoren indarra hartu zuen. Lehenengo diskoa 2016an plazaratu zuten, non eta Abbey Road Londreseko estudio mitikoan grabatutakoa, Iñaki Llarena ekoizlearen laguntzarekin. Ordutik beste bi lan plazaratu ditu taldeak: Argiaren abiadura, 2018an; eta Arnasa, 2021ean.