Maider Beloki: "Hankaz gora aurkitu ditugu haur eskolak"

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 26a, 09:54

Hilabete pasa da ia Iruñeko Udalean zentsura mozioarekin UPNren aginte makila EH Bilduren eskura pasa zela. Joseba Asiron alkateak esan zuen boligrafoak ere eraman zituztela eta ordenagailuak berrasieratuta aurkitu zituztela. Maider Beloki Kultura, Festa, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak esan du haur eskolak ere hankaz gora aurkitu dituztela: "Hizkuntz ereduak guztiz irauli dituzte eta orekarik ez dago". Euskalerria Irratian zenbait gaurkotasun gairen inguruan mintzatu da Beloki. 

"Hankaz gora aurkitu ditugu haur eskolak. Erronka handiak ditugu aurretik. Eskaera eta eskaintzaren beharrak erantzun behar ditugu", adierazi du Maider Beloki Kultura, Festak, hezkuntza eta Kirol zinegotziak. Egoeraren lehen diagnostikoa egiten ari dira zehazki haur eskolen afera nola dagoen jakin eta eraldaketa nondik hasi jakiteko. "Haur eskola berria eraikiko dugu Donibanen espetxe zaharra zegoen orubean", iragarri du. 

Eredu pedagogikoa zehaztu behar dute orain eta familia zaurgarrienenganaino iritsi nahi dute era berean. Lehen diagnistikoak erakutsi diena da UPNren bost urteetan eredu linguistikoak "pikutara" bidali dituela: "Oreka bat egon behar da euskaraz eskaintzen eta eskatzen diren plazen artean", azaldu du. Gerentzia eta zuzendaritza teknikoan pertsona berriak daude lanean dagoeneko (2015-2019 legealdian zeuden berberak) eta analisi sakona egiten ari dira aldaketak nondik hasi zehazten hasteko. 

Festak bizilagunen esku ere egonen dira

Kalejirak iritsiko dira laster inauterien iritsierarekin batera. "UPNren obsesioen artean egon da erraldoien konpartsak eta jai girokoak espaloitik joatera behartzearena", esan du. Hagatik, errepidetik joaten ahalko dira halako ekimenak eta horretarako segurtasun neurriak hartuko dituzte. "Normaltasunera itzuli nahi dugu eta espazioa eman festa giroko ekimenei", jakinarazi du. 

Sanferminetan txupinazoa nork jaurtiko duen erabakitzea ere bizilagunen esku utziko dute: "Parte hartze prozesua zabalduko dugu berriz ere". Iruindarrek jai irekiak nahi dituzte, kolektiboek espazioak galdegiten dituzte eta jendeak parte hartu nahi du aktiboki Belokiren ustez. Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa osorik entzuten ahal da argazkian klik eginda.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!