Mikel Elizalde, billabesa gidaria: “Ahaztuak sentitzen gara”

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 24a, 10:09

Berriki prentsan irakurri dugu billabesetako gidari batek egindako salaketa: langileek dituzten komunak ez direla duinak zihoen. Euskalerria Irratian berretsi du hori bera Mikel Elizalde autobus gidariak: “Pandemia garaian jarri zituzten behin behineko irtenbide gisara eta gerora hobeak jarriko zituztela esan zuten, baina halakorik ez da iritsi”. Horrez gain, lan zama handitu zaie eta ez dira iristen ezarri zaizkien denborak betetzera. Autobusak ere zaharkitzen ari direla esan du.

Billabesetako gidariek ez dituzte komun duinak. Hala adierazi du berriki ohar batean autobus horietako gidarietako batek. Mikel Elizalderekin hitz egin du Euskalerria Irratiak eta hori bera berretsi du: “Covid garaian jarri zizkiguten komunek ez dute argirik, ez dira erosoak eta ez dira duinak ere”, esan du Elizaldek. Iruñerriko Mankomunitatearekin zein billabesak kudeatzen dituen enpresarekin behin baino gehiagotan batzartu badira ere ez dute lortu oraingoz aldaketarik: “Promes egin zuten aldaketak eginen zituztela eta bestelako komunak jarriko zituztela, baina halakorik ez da gertatu”. “Gizonezkoontzat ez dira batere egokiak, are emakumeentzat”, ohartarazi du Elizaldek.

Bestelako arazoak ere badituzte billabesa gidariek. Izan ere, aspalditik ari dira zahar gelditzen autobusak eta zerbitzu bakoitzen “villavesa bat edo bi” izorratzera ere iritsi dira. Segurtasun arazoak ere pairatu dituzte bereziki gauetako zerbitzuetan: “Jendeak gero eta errespetu gutxiago du eta hori nozitzen dugu guk. Garai batean ibili zen polizia zaintza lanetan. Aspaldi izan zen hori. Orain ahaztuak gaituzte”, dio.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!