Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak da saritutako lanaren izena. Euskaltzaindiak emaniko beka honek hiru ikerketa esparru lehenetsi zituen bigarren edizio honetan: soziolinguistika, dialektologia eta onomastika. Deialdian bertan jakintza esparru horietako gai batzuk ere proposatu ziren eta egitasmo hau immigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna zein euskara udalerri euskaldunetan ikerketa lerroan kokatzen da; epaimahaikideen iritziz, “deialdi honen helburuekin lerrokatzeaz gain, proiektu honek Bortzirietako Mankomunitatearen lan ildoetan ekarpen interesgarria egiteko aukera eman dezake”. Besteak beste, ikerketak honelako emaitzak aurreikusi ditu: kultura eta hizkuntza aniztasunari buruzko diagnosia; Bortzirietan bizi diren migratzaileen euskararen ezagutza- eta erabilera-maila; migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak; ama-hizkuntzaren, euskararekiko esposizioaren eta beste faktore soziodemografikoen eta hizkuntzarekiko jarreren arteko loturak eta, azkenik, migratzaileen hizkuntza beharrak identifikatzea eta harrera linguistikoa egiteko hainbat estrategia eskaintzea.
Ikerketa garatzeko, metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa konbinatuko dira; nolanahi ere, bigarrenari tarte handiagoa emanen zaio. Datuak biltzeko, galdetegiak, elkarrizketak eta eztabaida taldeak erabiliko dira, Bortzirietako udalerri guztietan (Arantzan, Lesakan, Igantzin, Beran eta Etxalarren). Ikerketa lana 2024ko iraila bitartean eginen da.
Lan taldea
Paula Laita Pallares – ikerlaria da Soziolinguistika Klusterrean. Eusko Jaurlaritzarekin eta unibertsitateekin batera, Euskara biziberritzeko proiektuetan lan egiten du: hezkuntza arautuan ahozkotasuna lantzeko metodologiak garatzeko eta aplikatzeko egitasmoetan eta immigrazioari eta hizkuntza-aniztasunari buruzko ikerketa-proiektuetan, besteak beste.
Jon Martin-Etxebeste - EHU/UPV-ko ikerlaria eta irakaslea da. Haur Hezkuntzan graduatua eta Publizitatea eta Harreman Publikoetan lizentziatua da, Psikodidaktikako masterra egin du eta doktore da atal berean. ‘Xabier Leteren kantagintzaren azterketa: gaiak eta ahozkotasuna’ doktorego tesia defendatu zuen 2022an. Ikerlari multidiziplinarra da; hizkuntzaren, literaturaren eta komunikazioaren esparruak lantzen ditu eta haiek lantzeko dauden oztopoak detektatzen eta leuntzen dituzten ikerlanak egiten ditu normalean.
Ane Osua Cabida - Haur Hezkuntzako teknikaria da. Haurtzaroarekin lotutako profesionala da. Haurren begirale lan egin du hainbat udal eta enpresarentzat. Gaur egun, Donostiako Hezkuntza Fakultatean dihardu Haur Hezkuntzako azken ikasturtea osatzen.
Pello Apezetxea Zubiri beka – bigarren edizioa
Pello Apezetxea Zubiri (Goizueta, 1932 - Etxalar, 2022) arlo aunitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen. Hala, bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. 2004. urtean, ohorezko euskaltzain izendatu zuten.
Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorreran bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Geroztik ere, mankomunitatearen ibilbide osoan, Etxalarko Euskara Batzordeko kide eta Aholkularitza Batzordeko kide izan zen. Hortaz, mankomunitateak, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, Pello Apezetxea zena omentzeko xedez, lau urtero antolatuko du ikerketa beka hau eta deialdi bakoitzean ikerketa esparru horietako gai berriak proposatuko ditu.