Seigarren aldiz jantzi zuen txapela Julio Sotok joan den larunbatean anaitasuna kiroldegian jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, 2.350 ikusleren aurrean.
Oraingoan 1048,5 punturekin irabazi egin zuen. Alaitz Rekondok jantzi zion txapela. Nafarroako Bertsozale Elkarteak modu honetara, orain gutxi arteko lehendakariari eskertu nahi izan zion urteetako lana. Estu-estua izan zen lehia, hiru puntugatik ez baitu eskuratu Eneko Lazkozek txapela —1045,5 puntu lortu zituen—. Lazkozek laugarren aldia izan du txapeldunorde gisa. Hirugarren eta laugarren sailkatu ziren Xabat Illarregi (635,5 puntu) eta Joanes Illarregi (601 puntu). Saioa Alkaiza (594 puntu), orain arteko txapelduna, bosgarren izan zen. Segidan etorri ziren Josu Sanjurjo (569,5 puntu), Saats Karasatorre (556 puntu) eta Sarai Robles (550,6 puntu).