Fertxu Izquierdo: "Eleberri soziala da hau, gatazka kolektibo eta pertsonalekin"

Reyes Ilintxeta 2023ko abe. 5a, 11:49

Fertxu Izquierdo idazle iruindarrak "...eta gauetik,euria" eleberria plazaratu berri du Pamiela argitaletxearekin. Langile auzo batean, 90. hamarkadan girotutako kontakizun kolektiboa da hemen aurkituko duguna. Hilaren 9an Durangoko Azokan aurkeztuko du eta 14an Txantreako Biltokin 19:30ean. 

Inaxiok ez daki noiz eta zergatik bururatu zitzaion Jonnhy Weissmüllerren Tarzan The Clash taldearekin konektatzeko ideia bitxia. Bestelako kezkak eta galderak ere sortuko zaizkio, adibidez: nor zen Joakina Balentziaga? Zergatik utzi zion idazteari?

Amaia eta Davidekin elkartu, sofatik zutitu eta, ukabila altxatzen, The Poguesen ereserki baten erritmoan zapatisten altxamendua ospatuko dute, patronalari, sindikalista ustelei eta poliziei aurre egin bitartean.

Existitzen ez diren hirietan bizi diren emakumeak, auzoko karrikak kartografiatzen dituen txatarrabiltzailea, harri-jasotzaile intsumisoa, liburu-dendako erakusmahaia defendatzen duen liburusaltzailea, gerra guztietatik (baina ez borroka guztietatik) ihes egiten duten etorkinak, edota jaguar bihurtzen den kakalardoa. Zerbaitek konektatzen ditu irrati libreak entzuten dituzten pertsonaia hauek guztiak, oraindik existitzen ez diren fanzineak idazten dituztenak, piketeak defendatzen dituztenak, zapatisten matxinadaren ondorioz mexikartzen ari direnak, kalezulo ezkutuetan desagertzen direnak, eta gauetik, euria noiz iristeko zain daudenak.

Funtsean, auzo-nobela bat da, konexio unibertsal ugari dituen garai baten testigantza, errealista bezain surrealista. Txantreako idazleak egiazkoaren eta irrealaren arteko mugak artezki hautsiz eta gaindituz, garatu duen berebiziko artefaktu literarioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!