Ander Perez (Bertsozale Elkartea): “Ziurrenik inoizko kalitate handieneko finalaren atarian egon gaitezke”

Bidane Beloki Ezker 2023ko abe. 1a, 12:55

“Final oso irekia izango da eta ez da kasualitate hutsa”, nabarmendu du Ander Perezek finalaren bezperan Metropoli Foralean egindako elkarrizketan. Arratsaldeko 17:00etan igoko dira bertsolariak Anaitasunako oholtzara.

Asteburuko hitzordu nagusia dugu ate joka: Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Anaitasunan izango da bihar, larunbata abenduaren 2an 17:00etatik aurrera. Urriaren 7an abiatu zen Iruritan Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 46. Edizioa hain zuzen. 24 bertsolari lehiatu dira bi hilabetez eta orain zortzik parte hartuko dute final handian. Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saats Karasatorre, Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza  eta Sarai Robles  dira finalistak.

Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Ander Perezek orain arteko balorazioa egin du: "Pozgarria da apustu hori egin eta gainera ongi ateratzea". Ezin Nafarroako eremu guztietara heldu, baina, ahalik eta eskualde gehienetara eramaten saiatu dira. Bertsolaritza Nafarroan “sendo eta anitz” agertu dela baieztatu du Perezek. Hala ere, balorazioa positiboa den arren, oraindik daude urratsak emateko parakidetasunari dagokionez. Bi emakume egongo dira finalean eta hori poztekoa da. "Oso gutxinaka ematen diren urratsak dira, ongi etorriak direnak, dudarik gabe, eta parekidetasunerako bide horretara garamatzate. Baina, egia da, oraindik bide luzea dagoela egiteko", azaldu du Perezek.

Saioa Alkaizak jantzi zuen aurrekoan Nafarroako txapela, Eneko Lazkoz izan zen bigarren eta Julio Soto hirugarren. Aurreko finaletik sei izen errepikatzen dira, eta horietako batzuk, dagoeneko jantzi dute txapela. Aurten, txapelak zail izanen du zein burutan jarri erabakitzeko. Perezek aitortu du, ez da kasualitate hutsa "final oso irekia" izatea. Izan ere, "ziurrenik inoizko kalitate handieneko finalaren atarian egon gaitezke”.

Bihar, Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu izango dira gai jartzaileak eta duela bi urteko txapelketako gai jartzaile Alaitz Rekondok jantziko dio txapela irabazleari. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da finala eta zuzenean emango dugu Euskalerria Irratian, Miren Mindegia eta Reyes Ilintxeta lankideekin; Ekintza Landa eta Julen Zelaietarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!