Oskar Alegria: "Zinzindurrunkarratz mapa soinudun bat da"

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 4a, 11:49

Oskar Alegria zinemagile nafarrak Estatu Batuetako Tellurideko jaialdian estreinatu du bere film berria: "Zinzindurrunkarratz". Artazuko artzainek Andiara joateko egin ohi zuten bidea erakusten du hemen Alegriak, Paolo astoa bidaide hartuta. Urriaren 27an SEMINCI zinemaldia eta azaroan Japonia izanen dira lan honen hurrengo hitzordu nagusiak. 

Coloradoko Telluride zinemaldian hartu du parte Alegriak 'Baklot' dokumentalen eta autore zinemaren sailean. Han, besteak beste, Werner Herzog zinemagilea ere izan da. Liluratuta gelditu da film honekin eta Alegriarei aitortu dio euskara miresten duela eta, nahiz eta deus ulertu ez, BECeko bertso final bat ikusi duela interneten hainbat aldiz. 

Hori dena eta gehiago kontatu digu Oskar Alegriak zuzenen Telluridetik. 

Beste zinemagile eta artista zenbaitek ere eman dute film berri honen inguruko haien iriztzia. Horrela, Zinzindurrunkarratz' nabarmendu du José Luis Guerínek, "harriduraz betetako mirari poetiko" gisa. Jonás Truebak esan du: "zinema handia da, berrasmatzeko modukoa, minimoarekin egina", eta Eider Rodriguezek bere "hipnosi garbia" azpimarratu du, "errailetik ateratako trenaren galga gisa".

Telluriden izan ondoren, filma Espainian estreinatuko da Valladolideko SEMINCIn, urriaren 27an. Ondoren, azaroan, Japoniako Yamagata dokumentalen nazioarteko jaialdian erakutsiko da. Filma Japoniako lehiaketan aukeratu dute, "isiltasunez eta lainoz egina egoteagatik."

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!