UEU Iruñean

Oier Aizpurua: "Debekuek eta estigmek kannabisaren ikerketan eragin zuzena izan dute"

Euskalerria Irratia 2023ko uzt. 5a, 11:15

Kannabisaren kimika: erabilpen sendagarria eta ludikoa” ikastaroa eman du UEUk ekainean Iruñeko Ezpeleta Jauregian Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan. Bertan aritu da irakasle Oier Aizpurua.

Oier Aizpurua, Kimikan doktorea eta Sovereign Fields SL enpresako zuzendari teknikoa da. Berarekin izan gara ikastaroko gorabeherez hitz egiteko.

Kannabisa landare "ezaguna" den arren, haren gaineko ezagutza falta handia dela diozue.

Kannabisa eta haren inguruko eztabaida lehen lerrora ekarri da azken urteotan. Alde batetik, estigma handia duen landarea da, eta gaur egun oraindik gizartearen zati batek debekatutako droga arriskutsu gisa ikusten du. Debekuek eta estigmek kannabisaren ikerketan eragin zuzena izan dute, eta azken hamarkadan ikerketa kopuruak gora egin duen arren, komunitate zientifikoan ezagutza falta dago oraindik, batez ere entsegu klinikoen arloan.

Kannabisa oso landare konplexua da gainera. Kannabis guztiak ez dira berdinak. Konposatu aktibo ugari aurkitzen dira landarean, bakoitza bere aktibitatearekin, eta hauek barietate batetik bestera aldatu egiten dira. Konplexutasuna handitzeko, konposatu hauek kasu askotan elkarrekin sinergiak egiteko gaitasuna dute. Horrek egindako ikerketetatik ondorio garbiak ateratzea zaildu du neurri batean. Bestalde, gure gorputzean endokannabinoide-sistema bat daukagu guztiok, eta kannabinoideek sistema horrekin interakzionatzen dute. Sistema hori konplexua da eta hainbat prozesu fisiologikotan eragiten du: gosea, mina, umorea, memoria…

Merkatuak eta komunikabideek zabaldutako mezuek ere ez dute laguntzen errealitatearen argazki bat egiten. CBD kannabinoidedun geroz eta produktu gehiago aurki daitezke merkatuan, askotan gaixotasun edo arazo askoren aurkako mirari bat balira moduan salduta gainera. Produktu askotan jendea engainatzeko teknikak erabiltzen dira.

Azkenik ziurgabetasun legala aurkitzen da, bai erabilera medizinalaren inguruan, eta are gehiago erabilera ludikoaren inguruan.

Kannabisa ikuspegi desberdinetatik aztertu nahi duzue: motak, propietateak, produktuak, efektuak...

Bai, kannabisak aurpegi asko dituela esan genezake, eta gutxienez horietako batzuk ikastarora ekartzen saiatuko gara. Irudi orokor bat ematen saiatuko gara, ahal den neurrian ikastaroan azaleratzen diren zalantzak argituz.

Eta marko legala ere hartuko duzue kontuan.

Ezinbestekoa da marko legala kontuan hartzea kannabisaz hitz egiterakoan. Marko hori da kannabisak duen estigmaren eta ezagutza faltaren erantzule nagusietako bat. Gaur egun indarrean dagoen marko legala eta giza errealitateak ahalbidetu dituen kannabisaren kontsumo-modalitateak aztertuko ditugu. Neurri batean onarpen sozialaren eta desonarpen normatiboaren arteko eztabaidan sartuko gara. Ildo horretatik kontsumo partekatuaren figura juridikoaren inguruan hausnartuko da eta kannabisaren izaera legalean etorkizun hurbilean egin daitezkeen aldaketak aztertuko dira.

Zein da ikastaroan erabiliko duzuen metodologia?

Lau irakasle izango gara ikastaroan, eta bakoitzak kannabisa ikuspuntu ezberdin batetik aztertuko du. Klase magistralen metodologiatik ihes egin nahi genuke eta ikastaroa dinamikoa izateko asmoz irakasle bakoitzaren aurkezpen hauek neurri batean entzulearekin joan-etorrikoak izatea nahiko genuke. Behin ikuspuntu ezberdinak aztertuta, bukaeran mahai-inguru parte-hartzailea egingo dugu egunean zehar erantzun gabe gelditu diren puntuak erantzuteko eta hausnarketa ikuspuntu konkretuetatik ikuspuntu global batera eramateko. Saio praktikorik ez da izango, baina ikastaroa aholku eta kontzeptu praktikoz josia izango da. Ikastaroa hasi aurretik, norberak etxean egin beharreko lanketa txiki bat egongo da.

Nori dago zuzenduta?

Ikastaro hau interesgarria izan daiteke osasunaren arloko profesionalentzat edo ikasleentzat, kannabisaren erregulazioan lanean dauden agente eta eragileentzat, kannabis elkarteetako arduradunentzat, zein kannabis erabiltzaileentzat. Azken batean kannabisaren munduak interesa pizten dion edonori zuzendua dago ikastaroa.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuena?

Askotan zuri edo beltz ikusten dira gauzak gaur egun, eta kannabisaren inguruko eztabaida ere oso polarizatua dago: denerako balio duen miraria edo debekatu beharreko droga arriskutsua. Tonu gris horietan aurkitzen dena azaltzea da ikastaroaren helburua eta lortu nahi duguna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!