29 nafarrek parte hartuko dute bihar abiatuko den Euskarabenturan

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 30a, 13:07

Uztailaren 1ean hasiko da Maulen EuskarAbenturaren laugarren espedizioa. Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urte arteko 125 gaztek Euskararen Lurraldea zeharkatuko dute oinez, uztailaren 31ra arte. Kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna bezalako baloreak indartuko dituzte,
euskaratik eta euskaraz, 400 km-tan zehar.

Ander Eguluz Komunikazio taldeko kidea eta Uharteko bi gazte izan ditugu gurekin soalsean.

Antolatzaileek adierazi dutenez: "Aurten, diasporako bi gazte izanen dira abentura honetan: Valentziakoa (Espainia) bata eta Buenos Airesekoa (Argentina) bestea. 
EHU eta Iker-eko ikerlari bana ere ari da gurekin lanean aurten. Gazteen ahoskeraren eboluzioa aztertuko dute Azler Garcíak eta Iñigo Urrestarazuk, espedizioan, aurretik eta ostean jasotako datuekin. Horiekin batera, Irati Fernandez euskara teknikariak izango du Eusko Jaurlaritzak diruz
lagundutako ikerketaren ardura urte honetan; EuskarAbenturak gazteen hizkuntza ohituretan eta hizkuntzekiko beren jarreretan duen eragina aztertu nahi du lan horrek."

Zenbait datu
Nortzuk: Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira gazte parte hartzaileak. Gehiengoa bizkaitarra da, 45 gazte (% 36), gipuzkoarrak 30 dira (% 24), Nafarroatik 26 etorriko dira (% 20,8), Arabatik 12 (% 9,6), Lapurditik 5 (% 4), Behe-Nafarroatik 3 (% 2,4) eta Zuberoatik eta diasporatik bina (% 1,6). Taldearen % 57,6 emakumezkoa da (72
neska), % 41,6 gizonezkoa (52 mutil) eta generoa ez zehaztea nahiago izan duen gazte bat ere badator (% 0,8).
Nondik nora: Oraingoan, 32 herri zeharkatuko ditugu, (400 km oinez!), eta horietatik seik (beltzez markatuta) lehen aldiz ikusiko dute marea laranja! Maule, Pagola, Larzabale, DonibaneGarazi, Xabier, Irunberri, Urrotz, Iruña, Gares, Añana-Gesaltza, Argantzun, Gasteiz, Araia, Zerain,
Ataun, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Amaiur, Baiona, Urruña, Donostia, Getaria, Deba, Ekainberri, Lekeitio, Nabarniz, Gernika, Sukarrieta, Bermeo, Bilbo eta Getxo.
Lantaldea: Gazteekin batera, 30 lagunek osatutako lantaldea joango da: 2 koordinatzaile, 10 xerpa (begirale), 4 xerpa laguntzaile, 2 xerpa buru, 3 mediku, 2 erizain, 2 gidari, euskara teknikari ,1, 2 argazkilari, kameralari 1 eta komunikazio arduradun 1.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!