Duela urte erdi aurkeztu zuten Sorionekuak manifestua Nafarroa osoko hogei bat eragilek, eta iragarri zuten «pauso bat aurrera» emanen zutela ekainaren 10ean, manifestazio baten bidez.
Egitarau oparoa prestatu dute, eta ekitaldi gehienak Basotxo kalearen inguruan eginen dituzte: txarangak, dantza ikuskizunak, haur eta gazteentzako tailerrak, erraldoiak eta Eskuhaladunak Eskultoreen elkarteko tailerrak, besteak beste. Bazkari herrikoia ere antolatua dute Arrano Elkartean, baina jada txartelak agortuak daude.
17:30ean abiatuko den mobilizazioa izanen da eguneko ekitaldi nagusia. Antoniutti parketik abiatuko dira partehartzaileak, Gaztelugibelerantz, eta handik, Pio XII.aren etorbidetik, Basotxo kalean amaitu arte.
Atxikimendua adierazi dutenen zerrenda handituz joan da azken asteotan: euskalgintzako eragile nagusiak —Kontseilua, Topagunea, Behatokia, EHE, AEK, IKA—, hezkuntzaren alorreko zenbait elkarte —Sortzen, Nafarroako Ikastolen Federazioa—, sindikatuak —LAB, ELA, Steilas, ESK—, alderdi politiko batzuk —EH Bildu, Geroa Bai— eta gazte erakunde ugari —Gazte Euskaltzaleen Sarea, Ikama, Ernai—. Horiez gain, Nafarroako hainbat herrietan ere ekitaldi propioak antolatu dituzte, Sorionekuak egitasmoarekin bat eginez.