Olaia Intziartek kanta eta bideoklip berria plazaratu ditu

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 10a, 22:31

‘Denak Begira Daudelaik’  abesti berrian Oronozko abeslariak askapen pertsonalaren aldeko oihu bat egin du. Besteen bizitzekin gidari lanak egiten dutenen aurkako kritika gogorra dela adierazi du.  

Lan honetan artista batzuen erreferentziak egin ditu Intziartek: Itoiz taldeko Espaloian kantuaren  “Gu, gu kalean zehar, arropa iluna, aurpegi txuria” esaldiaz baliatu da. Halaber, Sorotan Bele talde gipuzkoarrari ere keinu txikia egin dio: “sorora jautsi dira beleak, eta ni zerura begira”. 
Nazioarteko mailan, Rosalia da inspirazio iturrietako bat. Artista katalanak Sakura kantuko esaera honek: “La que sabe sabe, que si estoy en esto es para romper” iradoki dionarekin beste hau eratu du: “Badakienak badaki: ni ez nintzateke honetan sartuko bazterrak nahasteko ez balitz”. 
Bestalde, txikitatik jaso dituen kantu zaharren erreferentziak azaleratu ditu. Zehazki, euskal kantutegiko ‘Txiki-Txikitik’ kantu zaharraren aipamena egin du. Funtsean, norberaren azken orduan “zeru” propiora nor (eta zer) eramanen genukeen inguruan gogoeta egin du; azken batean, garrantzia duena eta dutenak zeintzuk diren nabarmendu du Inziartek. 
Era berean, musika industrian zabaltzen diren mezu itxuratiei egin die kritika:  “irinak sobran eta falta duzue mamia”. Abestiak kutsu politikoa ere badu, Olaiak nabarmendu du merkatua anitz baliatzen dela artisten irudiaz euren promozioak zuritzeko. Orobat, merkatuaren inguruko hausnarketa egiten duen heinean, arerioa den mundu honekiko babesa bilatu du: “A ze mundua iragarri den, emaidazu besarkada bat. Agintarien dolua hemen, erne segitzen duzulako”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!