Euskara nafar guztiona dela aldarrikatuko du Sorionekuak ekimenak ekainaren 10eko jardunaldian

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 8a, 18:10

Sorionekuak ekimenak datorren ekainaren 10ean Iruñean antolatu duen jardunaldian parte hartzeko deia zabaldu du Nafarroa osora. «Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu», adierazi dute komunikabideen aurrean.

Herri ekimen hau urtarrilean aurkeztu zutenetik atxikimenduak gehitzen joan dira: «Euskararen aldeko alea jarri dute hamarnaka eta hamarnaka herritarrek, Nafarroa osoko lagunek, haien herri eta zonaldeetan. Argazki herritarrak antolatu, materiala saldu, koreografia prestatu, kanta egin, dantzak, txangoak, aurkezpenak eta abar luze bat», adierazi dute Ane Eslavak, Reyes Ilintxetak, Haizea Lizarbek eta Ibai Sueskunek plataformaren izenean.

Joan den astean ekimen honetarako Nerea Urbizuk eta Sustrai Colinak eginiko kanta aurkeztu zuten eta Irulegiko aztarnategira txangoa egin zuten Porrotx pailazoa eta berrenhun bat heldu eta haurrekin batera.  «Manifestuan esaten dugun bezala, guk ez dugu euskara kezkarekin lotu nahi. Telebista piztu eta konturatu gabe gure burua euskaraz gozatzen harrapatu nahi dugu. Ez dugu ahaleginarekin bakarrik lotu nahi. Erosketak egitera joan eta kezkarik, beldurrik eta lotsarik gabe euskaraz mintzatu nahi dugu parekoarekin. Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu, 2023ko sorionekuak, etorkizunari segida eman nahi diogulako», nabarmendu dute.

Horregatik, egun berezia antolatu dute ekainaren 10erako Iruñean. «Hemen, Iruñean, Nafarroako bihotzean, euskararen etorkizunari festa giroan ongi etorri erraldoia emango diogu. Egun horretan euskararen aldeko taupada indartsua sentitzea nahi dugu Nafarroaren erdi-erdian. Irulegiko eskuaren aurkikuntzan zerbait erakutsi badigu, hori izan da: Nafarroa de euskararen lurraldea. Euskara ez da inondik heldu, hemen zen eta izanen da», adierazi dute.

Gonbidapen zabala egin dute ekainaren 10eko jardunaldian parte hartzeko: "Egun osoko egitaraua izanen du ekainaren 10ak, goizetik hasi eta arratsaldean eginen dugun herri mobilizaziora. Azken hau Antoniutti parketik abiatuko da arratsaldeko 17:30ean. Mobilizazioan euskararen alde pauso bat aurrera eman nahi dugu: gurekin batera urrats hori emateko prest zaudeten eragile sozial eta politiko orori deia egiten dizuegu, dinamikarekin bat egin dezazuen eta euskararen aldeko bidea batera egin dezagun. Hori da ostiralean aurkeztu genuen “Esku bat” abestiaren funtsa, euskararen aldeko bidea elkarrekin egiteko deia. Eta bide horrek behar duen ezinbesteko soinu banda, melodia. Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu euskararen alde pauso bat aurrera eman zuten parte-hartzaile guztiei. Sorionekuak gu!"

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!