Alberto Errea: "Erripagaina auzoa garatzeko garrantzitsuena falta da: pertsonentzako zerbitzuak"

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 1a, 17:41

Martxoaren 4rako mobilizazio bat deitu du Erripagainako Auzo Elkarteak zerbitzuak eta dotazioak abian jar ditzaten eskatzeko. 12.000 pertsona bizi da Iruñea, Burlata, Eguesibar eta Uharteko udalek partekatzen duten auzo berri honetan, Alberto Errea Auzo Elkartzeko kideak adierazi duen bezala. 

Martxoaren 4an, eguerdiko 12:00etan abiatuko da Erroma kaleko plazatik Auzo Elkarteak deitutako manifestazioa. 

Etxebizitzak ugaldu dira auzo berri honetan azken urteotan, ez ordea bizilagunentzako zerbitzuak, Alberto Errea Auzo Elkartzeko kideak aazaldu digun bezala: "Duela ia 20 urte, Iruñerriko hazkunde-bolada betean, Nafarroako Gobernuak UGPS bat onetsi zuen bizitegi sektore berri bat sortzeko. Planaren berezitasuna izan zen lau udalerritako eremua hartu zuela.

2007ko krisi ekonomikoa gainditu eta 2010ean bloke altuagoak egiten utzi ondoren, lursailak eraikinez betetzen joan dira. Gaur egun auzoa ia osorik dago, erdiko lurzati handia falta baita. Baina dotazioetarako lurzatiak ere hutsik daude oraindik. Etxebizitzak eraiki dira politika eta diru-kutxa publikoen eta sustatzaile pribatuen onurarako. Zerbitzuak, ordea, bat ere ez. Eta, okerragoa dena, asko ez daude planifikatuta ere. Osasun etxeaz eta haur eskolaz bakarrik hitz egin dute, baina Nafarroako Gobernuak arrazoirik gabe atzeratu ditu.

Bestalde, udal dotazioak linboan daude. Ez Burlatak, ez Iruñeak, ez Eguesibarrek ez Uhartek ez dute ezer proposatu beren lur zatietarako."

Duela 8 urte sortu zen Auzo Elkartea

Auzo Elkartea sortu zen, eta hasieratik auzokoen beharrak betetzeko eskatu die administrazioei, baina ez du erantzunik jaso: "Babesgabetasun horren aurrean, 2023an arartekoarengana jo dugu, eta egoerari buruzko txostena prestatzen ari da. Halaber, txostena eskatu diogu Kontuen Ganberari gaia azter dezan."

Azken aste hauetan auzotarrak leiho eta balkoietan kartelak jartzen ari dira, datorren larunbatean eginen den manifestazioan auzoko kaleetan errepikatuko duten eskaera adieraziz: dotazioak orain!

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!