Martxoaren 23an eginen dute Iruñerriko bigarren mintzodromoa

Lohizune Amatria Zabalza 2023ko ots. 21a, 09:00

Iruñerriko euskaldunak “tar-tar goxoan” elkartu nahi dituzte , autobus geltoki zaharrean, AEKak, IKAak, Hizkuntza Eskola Ofiazialak, Zubiartek eta Mintzakidek.

Arrakastatsua izan zen oso Iruñerriko lehenengo mintzodromoa. Bukatu bezain pronto erabaki zuten bigarren edizio bat antolatuko zutela Iruñerriko AEKak, IKAk, Hizkuntza Eskola Ofizialak, Zubiarte euskaltegi publikoak eta Mintzakide egitasmoak. “Hasieran ez genekien nola erantzungo zuen jendeak, baina oso esperientzia polita izan zen”, azaldu du Nekane Otamendi IKAko irakasleak.

Martxoaren 23an eginen dute bigarrenez, Iruñeko autobus geltoki zaharreko nasetan, 17:30ean. Hainbat gairen inguruan iritziak trukatzeko gunea da mintzodromoa. Antolatzaileek hiru gai proposatuko dituzte, eta horien inguruan aritzeko gidoia ere bai. Lau-bost laguneko taldeak eginen dituzte, eta 15-20 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia eta gaia aldatu eta beste talde batean arituko dira parte hartzaileak. Nafarroako euskalgintza eta euskal kulturaren hainbat kidek ere hartuko dute parte eta bukaeran zozketak izanen dira.

Kartelean ageri den QR-aren edo esteka honen bitartez https://labur.eus/mintzodromoa2023 eman daiteke izena, azken eguna martxoaren 17a izanik. Aurten Euskarabidearen laguntza jaso dute antolatzaileek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!