Hausnartzeko aukera izanen da UEUren 50. urteurreneko jardueretan, baina ezin zuen hutsik egin ospakizun kutsuko proposamenik: UEUfestak. Ekainaren 7an, LABAn Irati Majuelo, Nerea Blanco, Imanol Picallo, Aroia Burguete eta Ilazki Anaut ikergazteak, Natxo Irigoien ikertzaile beteranoa eta Abereh musikaria izanen dira. Ekainaren 7ko festan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea, email bat helbide honetara bidaliz: komunikazioa@ueu.eus
Urteurren borobila ospatzen ari dela itzuliko dira UEUren udako ikastaroak, Iruñera. 50 urte bete dituzte, eta hala edizio berezia prestatu dute. 22 jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte. Iruñean bi jardunaldi eta gobernuarekin elkarlanean lau ikastaro eskainiko dituzte.
Katakraken ‘Zientziaren balioak egia-ostearen garaietan’ eta ‘Lurralde eko-euskaldun eta euskal-feministarik bai ote?’ jardunaldiak eginen dituzte, Elhuyar, UEMA eta Kontseiluarekin elkarlanean. Hezkuntzari lotutakoak izanen dira, berriz, ikastaroak, dagoeneko UEUren egoitza bilakatu den Ezpeleta jauregian.
Duela 50 urte ezinezkoa zirudiena egin daitekeela erakutsi du UEUk. Euskaraz ikasi daiteke, edozein gauza, baita ikertu ere.
Udako eskaintza
Jardunaldiak
- Zientziaren balioak egia-ostearen garaietan. (Iruñea, ekainak 27) ELHUYARrekin elkarlanean.
- Lurralde eko-euskaldun eta euskal-feministarik bai ote? (Iruñea, ekainak 28) UEMA eta Kontseiluarekin elkarlanean.