Sara Diez de Ulzurrun eta Itsasne Diez: "Mitxoletak film laburraz emakumearen objektualizazioa salatu nahi dugu"

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 2a, 18:07

Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioko 3.mailan dabiltzan sei ikasle ari dira "Mitxoletak" film laburra prestatzen. Grabaketa datorren astean hasiko da Berroeta herrian. Proiektua aurrera eramateko diru bilketa bat egiten ari dira Itsulapikoa.eus plataforman. Sara Diez de Ulzurrun iruindarra eta Itsasne Diez bizkaitarra izan ditugu solaskide Irrintzi Plazan. 

Mitxoletak:

"Hamabost minutuko istorio batekin unibertso oso bat erakusten da, perfektua den sistema bat. Ipuin bat kontatzen da ikusleak bere haurtzaroarekin konektatzeko, eta errealitate bat erakusten da egungo gizartearekin lotura egiteko.Ikusleari pentsaraztea da helburua, muturreko errealitate bat gure gaur egungoarekin alderatuz antzekotasunak aurkitzeko. Kritika soziala egitea du helburu, sistema kapitalistaren eraginez emakumearen objektualizazioa salatzeko."

 

Filmari buruz:

"Elizaren eraginez emakumeek jasaten dituzten tratu txarrei buruzko istorioa da kontatu nahi duguna. Istorio honetan errealitate hori islatuko da, non fikziozko gizarte horren arazo sozial eta ekonomikoa konpontzeko  gai diren bakarrak emakumeak diren, baina Eliza eta gizonak diren hauek gobernatzen eta isilarazten dituztenak. Biolentzia eta kritika sozial ukituak dituen thriller bat da Mitxoletak. 001984 emakumea den pertsonaia nagusiari jarraituko dio ikusleak filmean zehar, eta honek herriaren historia kontatuko dio herriko haurrei kontatzen dien ipuin baten bidez."

 

Sinopsia: 

"Bada emakumeak eta apaiza bizi diren herri bat. Elizako atarian, mitxoleta bat eskuetan duten emakume ilara luze bat dago, eta hauen aurrean atso zahar bat, eskuen artean zerrenda luze bat duela. Emakumeek ez dute izenik, zenbakiak dira. Mitxoleten herria dela diote, emakume haztegi bat; sistema perfektu bat. Eta perfektua izan dadin, 001984. emakumeak herriko istorioa kontatu behar die ipuin gisa, emakume izatera doazen haurrei. Ipuina kontatu behar du herriak mitxoleten herria izaten jarraitzeko."

Izan ere, herri honetan, zuri guztiak ez dira irinak.

Talde teknikoa

Zuzendaria: Javier Elizalde
Zuzendari laguntzailea: Leire Uranga
Argazki zuzendaria: Itsasne Diez
Argiketari burua, arte zuzendaria eta soinu-burua: Sara Diez de Ulzurrun
Produkzio burua: Garaia Pagola

Instagram: @mitxoletak_

Twitter: @mitxoletak_

Facebook: Mitxoletak Film Laburra

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!