Idoia Torregarai: "UEUren lana ezagutzera eman nahi genuen modu dibertigarrian"

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 2a, 17:08

UEUk "BEKADUNA" umorezko webseriea estreinatuko du maiatzaren 3an, 11:00etan,  bere 50. urteurrena ospatzeko asmoz. Proiektu hau UEUk, BIRA produkzioak eta Hiru Damatxok egin dute elkarlanean eta Mikel Irazustak eta UEUko lantaldeak egin dituzte aktore lanak. Webseriea lau kapituluk osatzen dute eta asmoa bi astetik behin UEUren youtube kanalean kapitulu berri bat argitaratzea da. Idoia Torregarai, komunikazio arduradunarekin mintzatu gara.

Ikus-entzunezko honen helburua urteurrena modu jostagarrian ospatu, oraindik UEU ezagutzen ez duten publikora iritsi eta UEUko lantaldea eta bazkideak omentzea da. Idoia Torregarai, UEUko komunikazio-arduradun eta proiektuaren koordinatzaileak egitasmo honek bere inguruan sortu duen ilusioa azpimarratu du: "UEUren 50. urteurrena modu desberdin batean ospatu nahi genuen. Askotan gisa honetako urteurrenak oso seriotik joaten dira, eta nahiz eta horrelakoak ere beharrezkoak diren, UEUren izaera alaia eta parte-hartzailea islatuko zuen zerbait egin nahi genuen, zerbait ganberroagoa. BIRA eta Hiru Damatxokoek The Office telesailean oinarritutako gidoia aurkeztu zigutenean, segituan gustatu zitzaigun eta lantaldeko kideak aktore bihurtzea ederra litzatekeela pentsatu genuen. Pentsa, 21eko taldetik 16k parte hartu dugu bertan, gehi zuzendaritzako kide batek; eta inolako xantaiarik erabili behar izan gabe! Horrek zerbait esaten du UEUtaz. Grabazio egunetan oso urduri geunden, baina esperientzia zoragarria izan da. Eskerrak eman nahi dizkiegu BIRA produkzioak eta Hiru Damatxoko lagunei, profesionaltasun eta goxotasun guztiarekin aritu baitira. Bekaduna UEUren komunitate osoari egin nahi diogun opari bat da; guri bezainbat gustatzea espero dugu".

 

Webseriea UEUk, BIRA produkzioak eta Hiru Damatxok egin dute eta emaitzarekin pozik daude denak. Mikel Alvarez, BIRA produkzioko kidearen esanetan: "Ideia zoro asko izaten ditugu, eta askok, ez dute lekurik topatzen. Batzuk ordea, argia ikusten dute. BEKADUNA webserieak, lekua baino, etxea topatu du UEUn. Beste inon ezingo litzateke proiektu hau aurrera atera. A zer taldea! Eta... zeinen ondo pasa genuen  Azti M3ra!". Lander Arretxea Hiru Damatxoko kidea ere oso pozik dago proiektu honekin: "Ez du (behar bada) euskarazko fikzioa salbatuko Baina goiz aldrebes bat baino gehiago bai".

 

Egitasmo hau maiatza eta ekainean UEuk egingo duen bazkidetza kanpainaren baitan kokatzen da.  BEKADUNA lau kapituluk osatzen dute eta asmoa bi astetik behin UEUren youtube kanalean kapitulu berri bat argitaratzea da. Tarteko asteetan bestelako edukiak zabalduko dituzte: toma faltsuak, gifak, argazkiak eta abar. 

 

SINOPSIA: Simon Eibarrera etorri da lan-elkarrizketa bat egitera, baina urgentzia bat dela eta UEUren egoitza den Markeskoa jauretxean sartu beharko du. UEUko langileek beste pertsona batekin nahastuko dute eta ordutik aurrera dena kilker kaiola bat bihurtuko da...

 

BEKADUNA FITXA TEKNIKOA

  • Gidoia eta zuzendaritza: Mikel Alvarez eta Lander Arretxea
  • Gidoi-laguntzailea: Idoia Torregarai
  • Irudia: Leire Egaña eta Beñat Iturrioz
  • Argazki zuzendaria: Beñat Iturrioz
  • Zuzeneko soinua: Lander LLorens eta Mikel Pintado
  • Mikrofonista: Tito Blazquez
  • Edizioa: Elba Berganza
  • Postprodukzioa eta kolorea: Peru Isasi
  • Aktorea: Mikel Irazusta (Barrexerka)
  • UEUko "aktoreak": Irati Iciar, Ireide Arriolabengoa, Aitzol Astigarraga, Alazne Lazpiur, Unai Del Burgo, Zihara Enbeita, Zuriñe Etxanobe, Koldo Garcia, Oihana Gardoki, Nekane Intxaurtza, Uxoa Iñurrieta, Oihane Landazabal, Ainhoa Latatu, Mari Karmen Menika, Ane Sarasua, Idoia Torregarai, Xabi Zubeldia

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!